Buxtehuderen musika eta Eneko Sagardoyren testua batuko dira Moto-Membra Jesu Nostri ekoizpenean

uriola.eus 2022ko urr. 5a, 15:41

Arriagaren ekoizpen propio berriak urriaren 14an, ostiralean, 19:30ean izango du hitzordua. Lucía Astigarraga izango da eszena-zuzendaria eta Conductus Ensemblek Buxtehudek 1680an konposatutako musika joko du Andoni Sierraren musika-zuzendaritzapean.

Meto-Membra Jesu Nostri Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioa izango da eta hurrengo ostiralean estreinatuko da, 19:30ean. Lan honetarako antzokiak musikaren historian oso ezaguna izan ez den Dieterich Buxtehude maisulanaren interpretazioa hartu du eta Sagardoyk ikuskizun honetarako propio idatzitako testu hunkigarri batekin nahasiko da. 

1680. urtean konposatu zuen musikari alemaniar-danimarkarra Membra Jesu Nostri eta 300 urte baino gehiago beranduago Bilbon antzeztuko da. XVII. mendean zehar musika germaniarrak izan zuen bilakaera ulertzeko ezinbestekoa da, baina ez du Bach edo Händelen lanak izan zuten ospe bera lortu. Kristoren, oinei, belaunei, eskuei, alboari, bularrari, bihotzari eta buruari eskainitako zazpi kantatako zikloa da.

Sierraren zuzendaritzapean, musika barroko eta errenazentistan espezializatutako Conductus Ensemble taldeak joko du zuzenean. 15 ahots, horien artean bost bakarlari, eta 11 instrumental daude. Eneko Sagardoyk ustez moto-istripu bat izan ostean betiko desagertzen den gizon bati buruz hitz egin du musikarekin batera antzezlana osatzeko. "Edertasun handiko uneak eskainiz" Arriagak deskribatu duen moduan. 

Hori gutxi ez balitz Lucia Astigarragaren eszena garaikide zainduaren baitan gertatuko da. Getxotarrak, parte hartzen duten artista guztiei arnasa eta protagonismoa ematearen alde egin du. Dramaturgia ere beraren esku dago, eszenografiaren moduan. Sarrerak Arriaga antzokiaren webgunean erosi daitezke edo txarteldegian 19 eta 36 euro artean. 

Galderetatik abiatutako lana

“Zenbateraino hitz egiten dute gure gorputzek gutaz? Pertsonaren zerbait geratzen al da haren gorpuan? Zer geratzen da gutaz elkar maite izan dugun leku horietan?". Maite duen pertsona baten istripuzko heriotza, bat-batekoa eta ustekabekoa, ageriko arrazoirik eta justifikaziorik gabe gertatutakoa da. Musikak Kristoren heriotzari abesten dio, pertsona guztion bizitzako uneren batean pribatu eta pertsonal bihurtzen den tragedia unibertsal handiari. Enekok Josuren maitasuna gogoratzen du, eta haren haurtzaroko basoan murgiltzen da, haren galera ulertzeko asmo bakarrarekin.