Ikasle Abertzaleak deituta, ikasleria martxoaren 24an atera zen kalera, Hezkuntza Legean egingo ziren erreformen aurka egiteko. Zazpi hilabete beranduago, erreformaren aurreproiektua iragarri dutenean IAk greba deialdia egin du bigarren hezkuntzan urriaren 27rako. "Aurreko ikasturtean zehar finkatutako erreforma legeen ezarpenarekin hezkuntza esparrua hankaz gora dagoela hasi dugu kurtsoa", salatu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako prentsaurrekoan.
Hezkuntza sistemak jasaten dituen aldaketak kapitalari egotzi dizkiote: "Bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu". Segregazioan sakontzen duen eta "modu inposatzailean" jada salatutako LOMLOEren norabide berean doan legea da IA-rentzat. "Heziketaren desegitean, segregazioan eta hezkuntzaren burokratizazioan nahiz inposizioan sakontzen dute", izan da laburpen nagusia. Izan ere, EAE estatu espainiarreko segregazio tasarik handiena du.
Segregazio horrek langile klaseko ikasleengan ere eragina duela salatu dute: "Ez dago interesik proletariotza heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko eta, era berean, heziketa prozesuak gero eta gutxiago asetzen ditu proletariotzaren beharrak". Egoerak ikasleak lan "prekarioetara eta bazterketa sozialera" kondenatzen dutela aipatu dute.
Horrekin batera doako zerbitzuen murrizketak aipatu dituzte, hezkuntzarako eta hezkuntzako goi esparruetarako sarbidea "gero eta mugatuagoa" dela gaitzetsiz. Aipatutako beste puntu bat izan da "jakintzaren garatzearen garrantzia albo batera uztea". Antolakunde sozialistak horren ordez ikastetxeak "diziplinamendu hutserako zentro" bilakatzen ari direla kritikatu dute.
"Hezkuntzaren izaera inposatzailea"
Hartzen diren erabakiak agente "pribilegiatuei" leporatu dizkiete; sindikatu eta alderdi politikoei: "Politikoki oso ezberdinak direla suposatzen den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aipatu ditugun aldaketak inposatzeko". Bestalde, langile asko desados egon arren sindikatuek "kritikarik ez planteatzea" salatu dute.
Izaera inposatzaile honen aurrean, "guztien eskutan egongo den doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren eraikuntzan aurrerapausoak" egitea eta antolatzea beharrezkoa dela adierazi dute.