Bilboko Udal Etxebizitzen Zuzendaritza Kontseiluak etxebizitza publikoa esleitzeko Erregelamendu berria aurrera eramatea ahalbidetu du. Berrikuntza nagusien artean, etxebizitzarako eskubide subjektiboari buruzko lege-eskakizun berria egokitzea dago. Sortuko den kupo berria, etxebizitza bat eskuratzeko behar beste baliabide ez izateagatik eskubide subjektiboa egiaztatu duten eta Etxebideren erregistroan 4 urteko antzinatasuna duten pertsonei esleituko zaie.
Jon Bilbao Etxebizitza Saileko zinegotzia pozik agertu da neurri berri honekin: "Erregelamendu berri horren helburua da irizpideak gehitzea etxebizitza publikoa eskuratzeko eskubidea duten kolektibo guztiei arreta emateko, salbuespenik gabe, eta, aldi berean, egoera zaurgarrian daudenei lehentasuna ematea”. Beste berrikuntzetako bat da, Etxebiden izena emanda izan eta urtean 15.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten pertsonentzat etxebizitza batzuk eskuragarri jarri dituztela.
Udalak azaldu duenaren arabera, bide berri horrek ez du eragozten lehentasun-irizpideei eustea premia handiena dituzten pertsonentzat. Hurrengoak sartzen dituzte talde horren barruan: familia ugariak, indarreko legeriaren arabera, guraso bakarreko familia-unitateak, ardurapean adingabekoak dituztenean; familia-unitateak, adingabe bat partaide denean; familia-unitateak, kideetako batek ehuneko 33tik gorako desgaitasuna aitortua duenean, edo genero-indarkeriaren biktimak.
Esleipen sistema
Etxebizitza publikoak hiru zatitan banatuko dira. Heren bat, Etxegabetzeen Aurkako Arretarako Udal-Zerbitzuak eta gerora sortutako gabeziagatiko esleipen-mekanismo berrikusiak gaur egun ezartzen dituzten kasuetarako; beste heren bat, genero-indarkeria, 35 urtetik beherakoak, 65 urtetik gorakoak, desgaitasuna, besteak beste) etxebizitza sozial bat eskuratzeko baldintza espezifikoak betetzen dituzten kolektiboentzat; eta azkena Etxebideko baldintzak betetzeaz gain, 15.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten pertsonentzat.
"Pertsona gehienen kaltetan"
EH Bilduk eta ELkarrekin Podemos IU-k kritikatu dute erregelamendu berri honek gutxiengoaren aldekoa dela "Etxebiden izena emanda dauden alokairuko eskatzaileen %25 ez baitute 15.000 euroko diru-sarrera baino gehiago. Udal Etxebizitzetako azken memoriaren datuen arabera eskuragarri dauden bi bizitegi-baliabidetik bat errenta altuagoak dituen gutxiengo bati esleituko zaio.
Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak, onartutako neurria 2020-2023 Udal ETxebizitzen Plan Estrategikoan jasotakoarekin bat ez datorrela kritikatu du, horrek "etxebizitza kolektibo kalteberak eta espezifikoak gizarteratzeko tresna gisa erabiltzea" eskatzen duelako.
Ana Viñals ELkarrekin Podemos-IU-ko bozeramaileak salatu du "Bilbao Etxebizitzen funtsa traizionatzen" ari direla "atzera pauso larriak ematen ari da etxebizitzaren arloko politika publiko opakuen diseinuan eta bilbotar gehienen beharren aurka doazenak”. Bestalde, azpimarratu du Bilbao Etxebizitzen Tokiko Erakunde Autonomoaren Zuzendaritza Kontseiluko estatutuetan egingo den aldaketak ez duela "udal-aniztasun politikoa bermatuko".