Ziklo bat itxita, ibilbidea amaitu du Eraginek

uriola.eus 2022ko urr. 10a, 10:16

Ostalaritzan lan baldintza duinak eskatzeko Eraginek egindako agerraldia

Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak agur esan du sei urteko ibilbidearen ostean. Denbora tarte horretan zehar bidelagun izan diren guztiei eskerrak eman diete desegitearen berri emateko idatzitako komunikatuan, eta orain arteko borrokak egungo egoerara egokitutako antolakuntza molde berrietan jarraituko duela adierazi dute.

Argitaratutako idatzian gogorarazi dutenez, 2016. urtean sortu zen Eragin Bilbon, “krisialdi ekonomiko eta gazteria langilearen aurkako ofentsiba prekarizatzaile eta ideologiko betean”. Bada, testuinguru horretan, “gazteek beraien eskubideen alde ideologizatu eta borrokatzeko espazio izateko helburuarekin” abiatu zuten egitasmoa.

Sare sozialetan zabaldu duten hariaren bidez gogorarazi duten bezala, hainbat borroka entzutetsu eraman dituzte aurrera azken urteotan, hala nola autonomo faltsu gisa lan egin behar duten rider-ena, ostalaritzako lan-baldintza eskasak salatzekoa edota apustu etxeen aurkakoa.