Badator Zinebi jaialdia

uriola.eus 2022ko urr. 11a, 12:14

Zinebiren sail ofizialean lehiatuko diren film luzeen berri eman du zinema jaialdiak. Estatu mailan estreinaldiak izango dira Bilboko emanaldiak. 14 herrialdetan ekoiztu dira lanok, Europan barrena gehienak, baina baita Iranen, Japonian eta Kolonbian ere. Azaroaren 11tik 18ra bitartean izango da aurtengo Zinebi, eta Agnieszka Holland poloniarrari emango diote 64. Mikeldi Saria.

Bederatzi izango dira sail ofizialean parte hartuko duten lanak. Hala, guztiak ZIFF Sari Nagusirako lehiatuko dira, ZINEBIren palmares osoko sari handiena (12.000€), eta Epaimahai Gaztearen Sarirako (UPV/EHU). Azken sari hori 2.000€koa, Euskadiko unibertsitate eta ikastegietako zinema eta ikus-entzunezko ikasleek osatutako epaimahaiak emango du. Honako hauek dira aipatutako filmeen izenburuak: Anhell69 (Kolonbia-Errumania-Frantzia-Alemania), Theo Montoyarena; A morte de uma cidade (Portugal), João Rosasena; Da li ste videli ovu zenu? (Serbia- Kroazia), Dušan Zorirena eta Matija Glušcevicena; How to save a dead friend (Suedia-Norvegia-Frantzia-Alemania), Marusya Syroechkovskayarena; Like a fish on the moon (Irán), Dornaz Hajiharena; My small land (Japonia-Frantzia), Emma Kawawadarena; Nuestra película (Kolonbia-Frantzia), Diana Bustamanterena; Outside (Ukraina-Danimarka- Herbehereak), Olha Zhurbarena, eta Juunt pastaza entsari (Portugal), Inês T. Alvesena.

Marta Popivoda artista eta zinemagile serbiarrak, Carlos Marañón Cinemanía aldizkariko zuzendariak eta Nicole Brenez programatzaile, unibertsitateko irakasle eta idazle frantziarrak osatuko dute ZINEBI 64 sail honetako nazioarteko epaimahaia.

Mikeldi Saria, Hollandentzat

Agnieszka Holland 1948. urtean jaio zen Varsovian, eta ibilbide oparoa izan du zinemagintzan gidoilari eta zuzendari gisa. Gaur egun Europako Zinema Akademiako presidentea da. Bada, antolatzaileek azaldu dutenez, “Europako Historiaren aldaketa handiak islatu dituen borroka-ibilbide oso batean, norbanakoen askatasunekiko konpromisoa duen begirada izateagatik” egin nahi izan diote aitortza. Besteak beste, Egonezin moralaren zinema deitu izan zitzaion mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Zinebiren aurtengo edizioan bere Kobieta samotna (Emakume bakartia) filma proiektatuko dute, 1981ekoa. Emanaldiaren bueltan Hollandek ikusleekin topaketa batean parte hartuko du.