Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarri

uriola.eus 2022ko urr. 13a, 13:09

160 delegatu sindikal batu dira gaur Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak ELA eta LAB sindikatuekin batera martxan jarritako dinamikaren aurkezpenean. Eremu sozioekonomikoan euskalduntzeari bultzada ematea da egitasmoaren xedea eta, horren baitan, euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri nahi dute.

Azaro amaiera eta abendu hasiera bitartean egingo den Euskaraldiarekin bat egin nahi izan dute ekimen honen bidez eta, hala, enpresek Arigune gisa parte har dezaten bultzatuko dute. Horrez gain, enpresaz enpresa konpromiso zehatzak har daitezen ere egingo dute lan.

Kontseiluak argi dauka egunerokoan eragin handia duen eremua dela sozioekonomikoa, eta “izaera egituratzailea” duela. Horregatik jarri nahi izan dituzte indarrak arlo honetan eragiteko.

Nabarmentzekoa da gure lurraldean gaur egun ez dela %1era iristen euskara planak dituzten entitaten kopurua. Hori gutxi balitz, gaurko aurkezpenean azaldu dute han-hemen errepikatzen den beste arazo bat: “Enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dituzte”.

Euskara planen ildotik, eragileok 2020an ere beste dinamika bat jarri zuten martxa, enpresetan halakoak sor eta aplika zitezen. Legebiltzarreko alderdiei aurkeztu zieten proposamena, eta patronalarekin biltzeko saiakera ere egin zuten, baina azken horrek uko egin zion. Akordiorik lortu ez bazen ere, ekintza-sindikalaren bidez bide horretan “jauzi bat” bultzatzeko ekimen berri hau antolatzen aritu dira hiru eragileak azken hilabeteetan.

Bada, honako hauek izango dira Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek proposatuko dituzten konpromisoak: “Enpresan euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea, diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea, Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, euskara-planak abiatzea, edota aldeen artean adostu litezkeen bestelako neurriak”.