Azaroko lehenengo larunbateko manifestazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzatik, eta mobilizazio horren bidez "ezezko borobila" eman nahiko liokete aipatutako lege aurreproiektuari.
"Aurreproiektu honek sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du", adierazi dute topaguneko ordezkariek manifestaziorako deialdia egiteko agerraldian. Aldiz, uste dute sare pribatuaren aldeko neurriak "etengabe" hartu dituztela azken hilabeteotan dekretu eta aginduen bidez.
Bestalde, legearen zirriborroak jasotzen duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kontzeptua ere ez dute begi onez ikusten: "Zerbitzu hori <ikastetxe publikoen eta pribatu-itunduen bidez emango dela> dio, eta ondorioztatzen du bi ikastetxe motei dagokiela finantzaketa bera. Honek argi eta garbi adierazten du ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea eta ez zaiola lehentasun-traturik emango".
Gauzak horrela, egungo legeari egin beharreko aldaketak bestelakoak direla uste dute, eta berriak jaso beharko lituzkeen hainbat puntu zerrendatu dituzte. Hasteko, "sare publikoa sendotu eta handitzea" eskatzen dute, "herritar guztientzako eskubideen bermea baita". Bide horretan, sare pribatuaren "gehiegizko eskaintza" ituntzeari uztea nahi lukete, itunpeko zentroetan auditoriak ezartzea baldintza behar bezala betetzen direla ziurtatzeko, baita publifikaziorako bideak irekitzea ere.
"Ikasleen euskalduntzean erreferente izaten jarraituko duen eskola publikoa izan nahi dugu", aipatu dute bigarren eskakizun gisa. Salatu dutenez, lege aurreproiektuak ez du jasotzen hizkuntza ereduak "gainditzeko" neurririk, ezta murgiltze eredurik eta euskal curriculumik ere. "Irteera profilak zehazten dituen arren, ez da argitzen nola lortuko duten euskarazko B2 maila ikasle guztiek", zehaztu dute.
Eskola publikoen "sare solidarioa" bultzatzea ere bada Euskal Eskola Publikoaz Harro! taldearen xede, hezkuntza komunitatearen partaidetzan oinarrituko dena. Hala, uste dute titularitate desberdinek osatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa "tranpa" baino ez dela hezkuntza sistema neoliberal bat ezartzeko eta itunpeko ikastetxeen eta publikoen arteko lehia bultzatzeko.
Bide horretatik, "euskal gizarte kohesionatuaren aldeko apustua" egin nahiko lukete: "EAEn, sistemaren erdia pribatu-itundua da, eta, ondorioz, segregazioa etengabe sortzen eta areagotzen ari da. Gizartean dauden desberdintasunak arindu, eta berauek erreproduzitzen dituen eredu dual hau gainditu beharrean, berau betikotzea proposatzen du Legeak, ikasle zaurgarriak itunpeko sarearen finantzazioa handitzeko salerosketako produktu bihurtuz".
Azkenik, hezkuntza sistema laikoaren aldeko aldarria azpimarratu gura izan dute topaguneko ordezkariek.