Trafikoa eten dute Bizkaiko Metalaren langileek hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko

uriola.eus 2022ko urr. 18a, 13:51

Atzo egindako trafiko mozketa (Argazkia: LAB)

CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuak FVEMen egoitzaren aurrean kontzentratu dira 20 minutuz, azken bileran patronalak mantendu zuen blokeoa salatzeko. Bihar, urriak 19, beste bilera bat izango dute.

Urriaren 27an, 28an eta azaroaren 2an greba egunak izango dira Bizkaiko metalean eta negoziazioak blokeatuta jarraitzen dute. Aurreko astean beste bilera bat izan zuten langileek FVEM patronalarekin baina atzo CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek salatutakoaren arabera hitzarmenaren negoziazioek ez zuten aurrera egin. Egoera salatzeko, atzo, FWEM patronalaren egoitzaren aurreko biribilgunea 20 minutuz moztu zuten.

Haserre agertu dira sindikatuak eta patronalaren proposamenak kritikatu dituzte: "Joan den astean egindako azken bileran patronalak negoziazioan aurrera egiteko aukera galdu zuen berriro, edukietan atzerapausoak mantentzen eta sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen ez duen soldata proposamena ekartzen".

Bihar, urriak 19, asteazkena, beste bilera bat dutenez gero, gogorarazi dute hiru greba egunen atarian daudela: "Mahai gainean eduki nahikorik ez dagoen bitartean gaurkoaren antzeko ekintzak egiten eta lantoki guztietan grebak prestatzen jarraituko dugu".