UPV/EHU-ko Gobernu Kontseiluaren bileraren 5. puntuan eztabaidatu den plana kritikatu dute sindikatuek. "Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igarotzeko neurriak" deiturikoa langileen jubilazioa sustatzeko indarrean dauden akordioak "deuseztatzeko" proposamena baino ez dagoela salatu du LAB-ek. Bestalde, langileen eta sindikatuen eskubideen aurka hartu diren neurriak azaldu dizkiete gobernu kontseilukideei.
EHUko zuzendaritzak erretiroen pizgarriak "murrizteko" proposamena izan da garrantzia berezia hartu duen auzia. Sindikatuak ostiralean enplegu publiko duina aldarrikatzeko egindako mobilizazioetan parte hartu zuten UPV/EHUko langileek, "azkenaldian EHUko zuzendaritzak langilegoari inposatu nahi dizkion murrizketak" salatzeko.
Urriaren 17an, gehiengo sindikalak negoziazio mahai guztiak uztea erabaki zuen eta bilera bat eskatu zion errektoretzari baina honek ez zuen eskaera onartu. Sindikatuentzat jarrera hau onartezina izan da.
LAB-en esanetan negoziazioak hasieratik "lan eskubideen aurkako erasoa" izan ziren. Gaur Bizkaia aretoan eztabaidatu den plana onartu ahal izateko bukatutzat eman zituen administrazioak negoziazioak, LAB-en ustez. Horrekin batera Espainiako gobernuaren aginduekiko erakutsitako "morrontza" eta zenbait sindikatuk erakutsitako "zinismoa", gogor salatu dute. Unibertsitateak dituen "arazo larriak" salatzen eta negoziazioetan parte hartzen jarraituko du sindikatuak.
Era berean erretiro sariak kendu eta lanaldi murrizketetan ezarri nahi dituzten atzerakadak salatu dituzte Gobernu Kontseiluaren aurrean ELA, STEILAS, CCOO, UGT, CGT-LKN eta USO sindikatuek. Erretiro akordioekin "negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa larriena" gauzatu da haien ustez. Bizkaia Aretoan kontzentratutako sindikatuek gogorarazi dute beste akordio bat adostu bitartean, 2015etik indarrean dagoen akordio mantendu beharko litzatekela.