'Guk ere bai', haur bilbotarren artean euskara bultzatzeko ekimena jaio da

uriola.eus 2022ko urr. 21a, 10:28

Kurkuluxetan elkarteak, hainbat agente, profesional, irakasle eta euskaltzalerekin batera, ekimen hau aurrera atera du umeen egunerokotasunean euskara bultzatzeko. Hainbat ikuskizun eta kalejira egingo dituzte abendura arte, eta 2023an ekimena indartuko dute.

Euskararen erabilera Bilboko haurren artean "tamalgarria" da ekimena sortu duten eragileen ustez, eta horregatik erabaki dute hura sortzea, egoerari buelta bat emateko. Ikasketak euskaraz egiten dituzten arren, haien arteko harremanetan, gurasoekin zein lagunekin, euskara ez da agertzen, sustatzaileen arabera.

"Arrazoiak oso ezberdinak dira", azaldu dute, eta ardura hainbatek dutela azpimarratu dute: gurasoek, irakasleek, entrenatzaileek, begiraleek... "Ez dago euskal girorik, ez dago euskal erreferenterik haurrentzat, ez dira haur eta senideentzat motibagarriak diren jarduerak seriotasunez antolatzen". 

Hala ere, euskararen aldeko jarreran Bilboko biztanleen artean "potentzialitate handia" dagoela sinesten dute, eta "indar, gogo eta harrotasun hori bultzatu, bideratu, batu eta aktibatu beharrean" aurkitu dira. Ekimena, bi faseren bidez, helburu horiek guztiak burutzen saiatuko da.

Ekimenaren ekintzak

Lehenengo fasea urriaren 23an hasiko da eta abenduaren 3ra arte, euskararen eguna, luzatuko da. Egun horretan, jaialdi berezi bat egingo da. Lehenengo ekitaldia Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoak ikuskizuna izango da, urriaren 23an. Azaroaren 6an, Zu eta ni sudurluze bi antzerkia egingo da, eta azaroaren 20an, Maddi pirata antzezlan musikala. Ekitaldi guztiak Kafe Antzokian egingo dira, eta sarreren salneurria 5 euro izango da.

Abenduaren 3an hainbat ekintza egingo dira, euskararen egunaren harira. 17:00etan, kalejira egingo da, Plaza Berritik hasita eta Kale Nagusian amaituta. Horren ostean, haur jaialdiaren txanda izango da, 18:00etatik aurrera. Pailazoak, Yogurinha Borova, Mugi Zaitez Disko Festa eta Eleder Magoa ikusteko aukera egongo da BBK Aretoan.

Bigarren fasea urtarrilean hasiko da, eta talde zabala osatuko da haurrak Bilbon euskaraz bizi daitezen lortzeko. Askotariko ekimenak pentsatzea, horiei buruz hausnartzea, proposamenak egin eta bultzada egitea izango da horren helburua.

"Hemendik aurrera fase berri eta luze batean sartuko ginatekeenez, euskararen aldeko jarrera baikorra duen pertsona oro, eta bereziki, haur eta nerabeekin harremana mantentzen duten taldeak ezinbestekoak izango dira: irakasleak, begiraleak, gurasoak, instituzioak, artistak, musikariak…", adierazi dute.