Teresa Maldonado bilbotarrak Euskadi Literatura Saria irabazi du

uriola.eus 2022ko urr. 21a, 13:07

Teresa Maldonado, ezkerretik lehenengoa, 'Hablemos claro' liburua eskuan duela, gaurko sari banaketaren atarian

Gaztelaniazko saiakera modalitatean Hablemos claro (Hitz egin dezagun argi) lana hautatu du epaimahaiak. Euskarazko saiakerarik onenarena Irati Jimenezi eman diote. Euskararako itzulpenen atalean, aldiz, Koro Navarro saritu dute, eta Edurne Portelak jaso du aitortza gorena gaztelaniazko literatura modalitatean.

Gaur egun mugimendu feministak sarri darabilen hizkera eta terminologia aztertzen du Hablemos claro-k, eta errepikapenaren errepikapenaz esanahiz hustutako esaera, metafora edota neologismoei baino, pentsamendu kritikoari eta eztabaidagai diren auzien funtsari so egiteko beharraz dihardu. Bada, Ainara Ibarzabalek, Idoia Gillenak eta Idoia Santamariak osatutako epaimahaiak Maldonadoren lana nabarmendu nahi izan dute, eta gaur jaso du saria, Bidebarrieta liburutegian egin duten ekitaldian.

Maldonado bigarren hezkuntzako irakaslea da, baita militante feminista ere, duela hainbat urtetik hona. Horrez gain, Berria egunkarian zutabegile gisa ere aritzen da, besteak beste.

Aipagarria da gaztelaniazko saiakeraren modalitatean Euskadi Literatura Saria jaso duen lehenengo emakumea dela bilbotarra. Aurten, gainera, saritu guztiak izan dira andrazkoak. Izan ere, goian aipatutakoez gain, Uxue Apaolazak, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak ere jaso dute garaikurra, hurrengo modalitateetan, hurrenez hurren: literatura modalitatean (Bihurguneko nasa), haur eta gazte literaturakoan (Barruko hotsak) eta literatur lanaren ilustraziokoan (Irrimola). Koro Navarro donostiarrak Ernest Hemingway-ren Fiesta: Eguzkia jaikitzen da itzultzeagatik jaso du saria, eta Edurne Portela santurtziarrak, berriz, Los ojos cerrados eleberriarengatik. Saritu bakoitzari 18.000 euro emango dizkiote.