Maddalen Arzallusen bertsoen ezabatzearekin batera beste hainbatetan erabili den zentsura salatu du EITB Media Enpresa Batzordeak taldearen eraikinaren aurrean. Bertsolariaren kantu hauek Gobernuaren "irizpide politiko, ideologiko moralen arabera" ezabatu direla salatu dute eta ardurapea EITBko zuzendaritza nagusiari leporatu diote. Hedabide publikoa eta anitza eskatu dute Administrazio Kontseiluaren bilera zegoen ordu berean eta babesa adierazi diote Maddalen Arzallusi.
Aurreko asteko auzia izan dute hizpide gaur. Arzallusek Faktoria saioan egindako bertso musikatu batzuk eitb.eus ataritik eta EITBko sare sozialetatik kentzeko agindua eman zuen zuzendaritzak. Arzallusek, Ion Kepa Parot (71 urte ditu, eta urriaren 13an utzi zuten aske baldintzapena, kartzelan 32 urte egin ostean) preso ohiaren kasua hartu zuen abiapuntutzat. Enpresa Batzordearen esanetan, zuzendaritzak gustuko izan ez duena eta "irizpide politikoen eta ideologikoen arabera" ezabatutakoa.
Praktika "ohikoa" dela salatu dute: "Ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea; De Miguel auziarekin, Alonsotegiko EAJko hiru alkate ohi ustelkeriagatik inputatu izanarekin edo AHTaren inguruko azken informazioekin gertatu bezala".
Horri gehitu diote saio batzuetako elkarrizketatu, gonbidatu edo lehiakideak Altsasukoak aske! edo Independentzia lelodun kamisetak kentzera behartu dituztela. Beste aldean Blue lives matter (polizien alde egiten duen leloa) mezuen moduko kamisetak zentsuratu ez direla salatu dute.
Sinesgarritasun eza
Komunikabidearen audientziak onak ez direla baieztatu dute eta horren ondorio hainbat faktore direla azaldu dute. Zentsura kasuen harira, EITBk "ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik". Joera aldaketa hau hausnarketa baten beharra du enpresa batzordearen ustez eta EITBko zuzendaritzaren gainean jarri du erantzukizuna.
Hala ere, onartu dute egoera berdin jarraituko duela: "Orain arte jaso ditugun erantzunak kontuan hartuta, ez dugu jarrera aldaketarik espero, eta, tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes partidisten arabera hartuko direla aurrerantzean ere".