TOKIKOMek bere hamargarren urteurrenarekin lotuko ditu aurtengo TOKIKOM sariak

uriola.eus 2022ko urr. 25a, 14:43

Azaroaren 11n ArantzazuLAB aretoan egingo den sari banaketa, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak lantzera bideratua egongo da. TOKIKOM-en 10 urteak laburbiltzen duen ikus-entzunezko lana estreinatuko da eta ospakizun publikoa 2023an izango da.

TOKIKOMek 10 urte betetzen ditu eta horren ondorioz 2022ko TOKIKOM sariak ospakizun honekin lotuko ditu sariketa "berezi samar" batean. Orokorrean, toki komunikabideen kazetaritza lanak saritzen diren arren, aurten hamarkada honetan nabarmendu diren proiektuak sarituko dira "Elkarrekin bidea eginez" lelopean. Bazkideen arteko aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatu nahi ditu toki komunikabideen sareak.

Sariak emateaz gain bere apurra eskainiko du TOKIKOM-ek eta 10 urte hauek laburbiltzen duten dokumental bat estreinatuko dute Arantzazuko galan. Taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko du eta horretan parte hartu duten lekukoen adierazpenak entzun ahalko dira. 

Gainera hainbat mahai inguru egingo dira goizean zehar, komunikabide guztien arteko iritzia, esperientzia eta espektatibak trukatzeko. Sareak hurrengo urteetan izango duen bilakaera edo komunikabideen digitalizazioa izango dira gai nagusiak: TOKIKOMen beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzaketarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak…

Sare anitza osatzen du TOKIKOMek gaur egun. 74 hedabide kudeatzen dituzten 28 bazkide ditu guztira: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira 240 langile dira, %58 emakumeak eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara irizten dira. TOKIKOM taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.

Ospakizun publikoa datorren urtean

Aurtengo edizioa gehienbat barrura begirako topaketa izango den arren, ospakizun publikoaz ez dira ahaztu. Bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeko balioko du azaroaren 11koa eta 2023ko lehen hiruhilekorako beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari dira.