'Loa eta Laia' haurrentzako euskarazko marrazki bizidunen telesail digitala sortu dute

uriola.eus 2022ko urr. 25a, 16:52

Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizistak Paul Caballeroren ilustrazioekin sortu du. Musika ardatz du eta euskal kultura, ohiturak eta gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatzea du helburu. Gaur estreinatu da Gau Beltza deituriko lehen kapitulua.

2 eta 7 urte arteko haurrentzako eta familientzako hasieratik euskaraz sortutako marrazki bizidun digitalak dira Loa eta Laia. Beste marrazki bizidunetan errepikatzen diren "antzineko rolak" ezabatu nahian bi neska dira Bergararen lanaren protagonistak. Baloreak erakusteaz gainera, euskara eta musika zaletasuna sustatzea bilatzen du. Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrerok jarri diete ahotsa Loa eta Laiari hurrenez hurren eta Nerea Alberdi eta David Sánchezek, musikaren moldaketa eta produkzio artistikoaren arduradunak izan dira.

Haurrentzako eta familientzako euskarazko ia eduki gehienak beste hizkuntza batzuetatik itzulita daude eta horren ondorioz, egitasmo honi hasiera ematea erabaki zuen Bergarak. Paul Caballerori ideia azaldu eta lanari ekin zioten. Euskaraz eta euskaratik sortutako eduki digital hau helburu hezitzailea du batez ere, ingurune digitalean kalitatezko euskarazko edukiak egoteko asmoarekin. 

Loa eta Laia musika talde bat sortzen dute Qiang eta Niko lagunekin eta abentura ezberdinak biziko dituzte. Euskal Herrira begira ohiturak transmititu, edukiak landu eta ekintzak proposatuko dituzte. Gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatuko ditu telesailak.  Proiektua sortzeko motibazioa plazaratu du Josu Bergarak Euskararen Etxean egindako aurkezpenean: "Proiektu hau bihotzetik jaio da. Gure etxeko txikientzat euskaraz eta balore modernoetan oinarritutako kalitatezko ikus-entzunezkoa egin nahi izan dugulako. Beraiek merezi dutelako".

Dauzkan bi alaba txikietan pentsatuta sortu du lana musikariak eta hiru helburu nagusiak azpimarratu ditu. "Batetik, euskara sustatzea. Nire ustez euskarazko eskaintza erakargarria izatea ezinbestekoa da umeak eta gazteak euskara modu naturalean bizitzeko eta gozatzeko"; "Bestetik, “Loa eta Laia” musika zaletasuna sustatzeko asmoarekin sortu dugu". Azkenik baloreak azpimarratu ditu: "Marrazki bizidunen protagonistak, azken finean, txikientzat eredu bilakatzen dira. Eta horregatik hain zuzen, gure lan honetan protagonista nagusiak neskak izatea erabaki dugu. Jarrera zuzena, indartsua eta ausarta duten protagonistak landu ditugu”.

Hilabetean behin

Hilabetero entrega berri bat aurkeztuko dute loaetalaia.eus webgunearen bitartez edo Youtube kanalaren bidez. Abesti bakoitza gai bati egongo da lotuta eta familian egiteko eduki osagarriak eta aparteko ekintzak proposatuko dira. Lehenengoa, Gau Beltza deiturikoa izango da eta honekin zerikusia duen letra ekoitzi dute Martinez eta Apariciok.

Bergarak eta Caballerok osatzen duten Paraxut ekoiztetxeak ordaindu du proiektua nagusiki. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza zati bat jaso dute eta musikaren zati bat ordaintzeko baliatuko dute. Gainera proiektuak laguntza eta babesletza publikoa jasotzeko kanpaina abiatuko dute laster.