BetiOn-eko grebalariek Tunstall enpresa behartu dute 2022ko KPIaren igoera onartzera

uriola.eus 2022ko urr. 26a, 09:46

Telelaguntza Zerbitzuaz kargu egingo den enpresaren zain egon bitartean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berrestera behartu dute Tunstall, LAB eta ELAren arabera. KPIaren %6,4ko igoera bermatu beharko du eta soldata-igoeraren erdia linealki aplikatu beharko du.

Lau hilabete baino gehiago greban egon ostean, akordio batera helduko dira BetiOneko langileak Tunstall enpresarekin. Telelaguntza zerbitzua irailaren 30era arte esleituta zeukan enpresak, baina lizitazio berrirako lehiaketan parte hartzeko behar den dokumentazioa ez dute epe barruan aurkeztu, enpresa-batzordean gehiengoa duten ELA eta LAB-ek adierazi duten moduan.

Momentu honetan zerbitzuaren eskumenak enpresa baten esku egon ez arren, grebalarien ekimenak Tunstall enpresak greba batzordearekin akordioa sinatzera behartu du. Horren arabera, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berretsi beharko dute, enpresa esleipenduna edozein dela ere. Orain arte aurkeztutako eskaintza bakarra Ilunionek eta Ibermáticak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartearena da.

KPIari dagokionez, 2022 osoko igoera onartu beharko dute (%6,4koa), eta horren erdia linealki aplikatu beharko dute, kategoria baxuenen eta altuenen arteko aldeak murrizteko. Zenbatekoa eta aplikatzeko modua, hitzarmenaren kontura mantenduko da, enpresa esleipenduna nor den argitu eta negoziazioari berriro ekin arte. Era berean greban egon diren langileei "hitzarmen Kolektiboaren aldeko borrokan jarraitzeko indarrak berritzera" animatu dituzte sindikatuek.

Pribatizazioaren "prekaritatea"

BetiOn-en lan egiten duten 265 langileek 63.000 erabiltzaile baino gehiago laguntzen dituzte eta hilabete hauetan guztietan zerbitzu hori eman gabe egon dira Eusko Jaurlaritzaren "pribatizazioak" eragindako "plantillaren lan-baldintza eta zerbitzuaren kalitate prekarioak" sortu duen egoeragatik.

Enpresa pribatuek euren irabaziak "edozein interesen gainetik lehenesten" dituztela kritikatu dute ELA eta LABek eta Tunstall egin dute arazoaren erantzule: "Zuzendaritzaren lardaskeriak Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko zuzeneko interlokuziorik gabe uzten du, zerbitzu publikoaren azken esleipenduna nor den erabakitzen duen enpresak jarritako errekurtsoa argitu arte".