Bizkaiko Zaharren egoitzetako egoera latza salatzeko kontzentratu dira langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Abendura arte LAB sindikatuak deitutako zazpi greba egunetako lehena da. Azaroaren 16an eta 17an eta abenduaren 14an, 15ean eta 16an izango dira besteak. Hitzarmenak blokeatuta jarraitzen duela salatu eta sektore publikoaren baldintza berdinak eta ratio duinak eskatu dituzte.
Nagusien egoitzetako egoera "pandemia garaiaren aurretik baino txarragoa" dela nabarmendu du Ane Escondrillas LAB-eko kideak. Langile falta "izugarria" da eta hauen egoera zein egoiliarrena "latza" da Escondrillasentzat. Patronalari eta Foru Aldundiari zuzenean interpelatzeko beharra azpimarratu du.
Arazoa plazaratzearekin batera, egoeraren hainbat adibide azaldu ditu LAB-eko kideak: Langile bakar batek 15 pertsona dutxatu behar ditu ordu batean; gauez langile bakar bat dago hogei egoiliar baino gehiago zaintzeko; bajak ez dira lehen egunetik kubritzen; behin behinekotasuna eta partzialtasuna "ikaragarri handiak" dira; eta lan ratioa "ez da nahikoa" eta langileek ezin dute lan kargarekin.
Honen erruz, "egoirlariak ez dute zaintza duinik jasotzen eta langileek egunero gaixotzen dira", Escondrillasek azaldu duenaren arabera. Gaur egun, Bizkaiko erresidentzien pribatizazio handia da eta hauek kudeatzen dituzten enpresak "etekin ekonomikoan soilik pentsatzen dute", kritikatu du sindikatuak. Foru aldundia da pribatizazio honen erantzule eta horregatik honen egoitzaren aurrean manifestatu dira.
Eskaera zuzenak
Egoera honen aurrean bi dira egindako eskaera nagusiak. Alde batetik, sektore publikoak soldata aldetik zein lizentzia aldetik egoera hobea dutela azaldu du Ane Escondrillasek eta sektore pribatua baldintza horiekin parekatzea eskatu du. Beste alde batetik, ratioen duintzea eskatu du lan kargei aurre egin ahal izateko.
Bizkaian bezala, Hego Euskal Herriko beste herrialdetan egoera hobetzeko borrokan dabil sindikatua eta bihar gaurko eskaerak egingo dituzte Portugaleteko Aspaldiko nagusien etxean.