Doako 60 kontzertu baino gehiago gaur hasiko den BIME jaialdian

uriola.eus 2022ko urr. 26a, 17:02

Bilboko 15 txokotan kontzertuak ikusi ahalko dira urriaren 26tik 29ra arte. Hamargarren edizioa izango da aurtengoa eta flamenkoa, popa, rapa, trapa, reggaetona, indiea, reggaea, alternatiboa, R&Ba, folklorea, hardcorea, hyperpopa eta elektronikoa entzun ahalko dira. 

Artistaz beteriko kartelarekin ospatuko du BIME-k bere hamar urteko ibilbidea. Nazioarteko kultura eta musikaren agendan garrantzia handia hartu du; izan ere, Portugal, Brasil, Kolonbia, Txile, Argentina, Venezuela, Mexiko, Kuba, Alemania, Herbehereak, Finlandia eta Austriako artistak etorriko dira. Gaur hasi da 14:00etan Karolan Chinpling taldeak eman duen kontzertuarekin. Niños del Cerrok jo du ostean leku berean, eta 18:30ean Sandra Monforten txanda izango da. 

Karola izango da, hain zuzen ere, eguerdi-arratsalde partean kontzertuak izango dituen toki bakarra, eta besteetan 19:30-20:00ak aldera hasiko dira. Horietan hiru edo lau kontzertu egongo dira egunero, askotariko estiloek tokia izango dutelarik: flamenkoa, popa, rapa, trapa, reggaetona, indiea, reggaea, alternatiboa, R&Ba, folklorea, hardcorea, hyperpopa eta elektronikoa.

Guztira 15 tokik hartuko dute jaialdia, eta modu honetan Bilboko hainbat tokitan kontzertuak ikusteko aukera egongo da: Indautxu plaza, La Karola, Casilda Iturrizar parkea, Azkuna Zentroa–Alondegia, Areatzako kaia eta Erriberako Merkatua. Toki guzti hauetarako sarrerak dohainik izango dira, eta ordutegi guztiak webgunean ikus daitezke.

Beste ekintza batzuk

Doako kontzertuez gainera, hainbat ekintza eta aukera egongo dira BIME jaialdian. Horietako bat BIME PRO izango da, eta Euskalduna izango da bere egoitza. Ostiralera arte, topaketa profesional, hitzaldi, masterclass eta tailer ugari antolatuko dira. Tokiko zein nazioarteko ikuspegitik emango zaie erantzuna musikaren sektoreak dituen erronkei. 

European Music Export Exchange topaketak ere lekua izango du jaialdian. Berriz ere, nazioarteak izango du indarra, eta musika globalizatzeko 20 aditu hurbilduko dira. Gainera, Live Dma kontzertuen aretoetako Europako elkartearen hamargarren urteurrena ospatuko da.

Azkenik, eta beste jaialdi askoren moduan, gazteentzako espazio bat izango du gordeta. CAMPUS programa izango da eta industrian toki bat bilatzen dutenei bideratuta dago. Halaber, negozioa arindu nahi duten ekintzaileentzako Start Up! Competition espazioa egongo da.