Geuria komunikabideak argitu duen moduan, Basauri, Etxebarri eta Bilbo bidegorri bidez konektatuko dituen obraren proiektua "urte amaieran" lizitatuko da. Horrela adierazi zuen Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean: "Eraikuntza proiektua datozen asteotan amaituko da".
Trazadura proiektua egin ostean, jendaurreko informazioko eta entzunaldiko izapideari ekin zioten martxoaren 10etik 25era, eta ez zuten inolako alegaziorik jaso. Hala ere, Adif-en, Etxebarriko Udalaren eta Bilboko Udalaren idazki bat jaso zuten. Izan ere, Adifek lurzoru batzuk utzi behar izan ditu Bilbo Basaurirekin lotzeko, baina arazo handirik gabe.
2022ko uztailaren 8ko 135/2022 Foru Dekretuaren bidez onartu zuten, eta gaur egun azken pausuak besterik ez dira falta, Pradalesek batzordean azpimarratu zuenaren arabera: "Aldundiaren gobernu kontseiluak eraikuntza proiektua onartu behar du eta ondoren obrak lizitatzeko izapideak urte amaieran has daitezkeela aurreikusten dut”.
Urte askotako lana
Bidegorri honen auzia ez da aurtengo kontua eta eskaera 2019az geroztik dabiltza egiten alderdi politiko eta eragile ezberdinek. Elkarrekin Podemosek hainbat eskaera egin ditu Basauri eta Bilboko Udaletan, edo Bizkaiko Foru Aldundian, "Arratiako Tranbia" deiturikoan bi hiriak lotuko zituen bidegorria egiteko.
Asteleheneko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean Zigor Isuzkiza EH Bilduko batzordekideak proiektuari buruz galdetu eta pozik agertu zen horren bilakaerarekin: "Gure ustez, kasu honetan Basauri eta Etxebarri Bilborekin konektatzeko aukera bikaina da, eta, ondoren, bidegorri honek Galdakaorekin ere lotura izan dezake. Beraz, trazadura honekin hasi eta 2023an sendotzen bada, albiste ona izango litzateke”.
Azken aldiko aldarrikapenik entzutetsuenak Biziz Bizi plataformarenak izan dira. Bizikletaren erabilera sustatzen duen plataformak hilabetero Bilbotik Galdakaoraino doan martxa prestatzen du tarte honetan bidegorria eraikitzea aldarrikatzeko. Ibilbide horretan Etxebarri eta Basauri zeharkatzen dituzte, aldarrikapen bera eginez. Momentuz, badirudi haien eskaeraren zati bat beteko dela, baina aldarrikapenekin jarraituko dute Galdakaora heldu arte. Larunbat honetan, hain zuzen ere, hamaikagarren martxa egingo dute. Urriaren 29an izango da, 11:00etan Bilboko Kale Nagusiko 25. zenbakitik abiatuta.