Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza eskatu du IAk

uriola.eus 2022ko urr. 27a, 14:54

"Hezkuntza ofentsiba kapitalista gelditu" lelopean, . "heziketaren desegitea", "bitarteko gutxien duten ikasleen kaleratzea" eta "autoritarismoa zein infantilizazioa" hedatzen duen hezkuntza erreformaren aurka manifestatu dira milaka ikasle. Amaieran, elkartasuna adierazi diete jardun politikoagatik ondorio errepresiboak jaso dituzten ikasleei.

Hezkuntza erreformaren aurka milaka ikasle bildu dira Bilboko kaleetan zehar, bigarren hezkuntzako greba egunean. Amaiera Arriaga plazan eman diote hitzaldi indartsu batekin. "Ofentsiba kapitalistaren aurrean, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza" eskatu du Ikasle Abertzaleak-ek. Oinarrizko askatasunak eta eskubide politikoak "bermatzen dituen hezkuntza eraikitzera" doazela aldarrikatu dute eta eskerrak eman dizkiete manifestazioan parte hartu duten guztiei.

"Kapitalak bere irabaziak bermatzen dabil" transformazio garaian IAren esanetan eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ari direla aipatu du antolakunde sozialistak: "Hankaz gora aurkitu dugu bigarren hezkuntzaren esparrua: ikasketa baldintzen okertzea, neurri berri hauen gaineko ezjakintasuna eta desados agertu garenon isilaraztea". 

Politikari profesionalak eta enpresariak hezkuntza "kontrolatuko dutenak" direla gaitzetsi eta "heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxienen dutenen kaleratzea", ekarriko duela kritikatu du. Hala ere, "etorkizun ziurgabe" honen aurrean besoak ez dituztela gurutzatuko azpimarratu dute. 

Hezkuntzaren "izaera inposatzailea" ere aipatu dute: "Elite batzuen eskutan dago eta agente pribilegiatu batzuk, hala nola sindikatuek zein alderdi politikoek zuzentzen dituzte hartutako erabakiak". Ustez ideologia ezberdina duten lau alderdi erreformarako ados jartzea, honen adibide nagusitzat jarri dute. Bestalde, ikasleen ideia eta iritziak isiltzeko asmoa kritikatu dute: "Autoritarismoa zein infantilizazioa hedatzen dute, ikasleoi hitza kendu eta isilik geratuko garela bermatzeko". "Despolitizatzen eta idiotizatzen" duen hezkuntzaren aurrean ikasleen adimen garapen askerako eta pentsamendu kritikoa sustatzeko "hezkuntza ereduaren alde" borrokatu dutela azpimarratu dute. 

Elkartasuna

Hitzaldiaren amaieran, eskerrak eman nahi izan dizkiete bai Bilboko eta bai beste hiriburuetako manifestazioetan parte hartu dutenei. Gainera, "babes osoa" adierazi diete egun hauetan ikastetxeetan jardun politikoan ibili izanagatik eta ondorio "errepresiboak eta zigorrak" jaso dituzten ikasleei.

Urriaren 19an, Ikasle Abertzaleak-ek salatu zuen Unamuno ikastetxean greba eskubidea urratua izan zela. Horren aurrean ikasleak eserialdi bat egin zuen eskolako eskailera eta pasilloetan zuzendaritzari konponbide bat eskatzeko.