Talibanen boterepean Afganistango emakumeek bizi duten egoera argitara ateratzeko jardunaldia

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko urr. 27a, 15:56

Amnesty International erakundearen eskutik, bihar, urriak 28, haien herrialdetik ihes egin behar izan duten hiru andrazkoren lekukotzak bertatik bertara ezagutu ahal izango dira: Hasina Ersad zirujaua, Nazima Nezrabi epailea eta Nilofar Bayat kirolaria. Iazko udaz geroztik indarrean dagoen gobernu totalitarioak “aurrekaririk gabeko giza eskubideen krisia” ekarri duela nabarmendu dute aurkezpenean.

Iazko apirilean iragarri zuen Amerikako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek Afganistanen zituen tropak erretiratuko zituela. Bada, hori izan zen talibanek, indar eta armamentu handia metatuta zeukatenek, azkenik gobernua hartzea ekarri zuena. Abuztuaren 15ean erori zen Kabul hiriburua islamista erradikalen esku, eta munduan zehar ikusi ahal izan ziren herritarrak, desesperazioaren desesperazioz, aireportuan hegazkinen hegalei helduta ihes egin nahian erakusten zituzten irudiak. Gaurko aurkezpenean azpimarratu dutenez, irudi horiei esker zabaldu zen mundura talibanen botereak ekarriko zuen egoera latza, baina gaur egungo errealitate gordinak ez du apenas lekurik nazioarteko komunikabideetan.

Bada, egoera hori hurbilagotik ezagutzeko aukera egongo da bihar Bilbon, 18:00etan hasita Emakume Iraultzaileak izeneko jardunaldia egingo baita Bizkaiko Batzar Nagusien Egoitzan. Eta, hain zuzen ere, talibanen pertsekuzioagatik ihes egin behar izan duten hiru emakume izango dira protagonista. Nazima Nezrabi da horietako bat, bere jatorrizko herrialdean epaile jarduten zuena, eta Amnesty Internationalen egoitzan gaur goizean egin duten aurkezpenean bere bizipenak partekatu ditu.

Nezrabi epaile aritu zen sei urtez, baina azkenean herrialdea utzi behar izan zuen, eta gaur egun Bilbon bizi da. Barne eta Kanpo Segurtasunerako Zigor Epaitegian egiten zuen lan ordura arte, delitu terroristetan espezializatutako areto batean, hain zuzen. Bada, talibanak han jarduten zuten langileen aurka joten hasi ziren, mehatxuen bidez eta, are, atentatu eta erailketen bidez. Hala, epaitegian jarduten zuten sei emakumezko epaileen artetik Nezrabi soilik geratu zen azkenean, hainbat lankidek beren lanpostuari uko egin ostean, beldurrak zein familiako presioak bultzatuta. Nezrabik berak ere jasan zuen familiaren presio hori, atentatu bakoitzaren ostean areagotu egiten zena, senitartekoek uste baitzuten bere kontra ere joko zutela lehenago edo beranduago.

Ondo gogoan dauka 2021eko abuztuaren 15 hura, talibanek Kabul hartu zutenekoa. Bere lantokirantz ateratzear zela, epaitegietatik deitu zioten esanez ez joateko, talibanek beren presoak askatu zituztela, epaile eta langileak bidali zituztela eta epaitegia itxi zutela eta. “Nik uste nuen Kabul ez zela eroriko, aintzat hartuta nazioarteko komunitate guztia bertan zela”, aitortu du. Bada, azkenean gertatu zen, eta berehala jo zuten bere bila. Are, bera eta bere familia bizi zen eraikinean sartu ziren. Zorionez, orduko hartan bere bila etorri zirenek sinetsi zuten ez zegoela etxean, eta beranduago itzuliko zirela esanez joan ziren. Bada, burka jantzi eta oinez atera zen atzeko atetik bere senarrarekin batera. Egun bat eman zuen ama-aitaginarrebenean, eta beste bat bere izebarenean, eta han zegoela jaso zuen Espainiako enbaxadaren gonbidapena herrialdetik ateratzeko. Azkenean, “oso zaila” izan bazen ere, aireportura iristea lortu zuten, eta abuztuaren 25ean hartu zuten lur Madrilen, “bizi osoa atzean utzita”. Bost egun geroago, Bilbora etorri ziren. Hain zuzen, hemen jaio zen bere alaba, ihes egin bitartean haurdun baitzegoen Nezrabi.

Aitortu du lehenengo egunak “oso zailak” izan zirela hemen, ez baitzituen ez hemengo hizkuntzak, ez hemengo jendea ezta hiria bera ere ezagutzen. Orain, ordea, “egunez egun hobeto” moldatzen dela dio, baina, hala ere, etorkizunagatik oso kezkatuta dago, familiako kide gehienak Afganistanen geratu baitira eta berak ez baitaki aukerarik izango duen bere herrialdera itzultzeko eta bertan egoera aldatuko ote den. Bere neba talibanek egun batez atxilotu eta torturatu zutela kontatu du.

Nazioarteari deia

Hori guztia dela eta, nazioarteko komunitateari eskatu nahi izan dio “ez ahazteko” afganistandarrez. “Demokrazian egon garen azken hogei urteotan aurrerapenak egin dira herrialdean, eta hori ez litzateke atzean utzi beharko”, adierazi du. Izan ere, aurkezpen ekitaldian azpimarratu dute duela urte gutxi mendebaldean hitz egiten zela Afganistango emakumeen zapalkuntzaz; ordea, gaur egun “orduko kezka haiek ez dira inondik inora ageri”. Beraz, Afganistan bazter utzi izana egotzi diete hizlariek munduko herrialde boteretsuei nahiz komunikabideei.

Azken horri lotuta, azpimarratu dute egun oso jende gutxi ausartzen dela herrialdean gertatzen ari dena filmatu eta horren berri ematera, oso arriskutsua baita. “Adierazpen askatasunarekin batera, prensa askatasuna ere erabat desagertu da talibanen boterepean”.