Bizkaiko Metalaren hiru eguneko greba zikloa Abandon amaitu da manifestazio jendetsu batekin. Sindikatuak pozik agertu dira jardunaldiaren emaitzarekin, eta kalera ateratako langileei eskerrak eman dizkiete "hitzarmen duin baten alde" borroka egitegatik. Bestalde, gaur goizean Ertzaintzak izandako jarrera salatu dute. "Aurrekoetan ere, jarrera txarra izan da, baina gaur bereziki bortitza izan da", salatu du Unai Orbegozo CCOO-ko kideak. "Jo ta ke irabazi arte" edo "Bizkaiko metala borrokan" oihuen artean Euskadi plazatik Plaza Biribilera joan dira.
Greba egunen "arrakasta" azpimarratzeko, LAB-eko Iratxe Azkuek nabarmendu du Mercedesek bere produkzioa gelditu behar izan zuela larunbatean, metaleko langileen grebak eragindako geldialdiaren ondorioz. Negoziazioetan hasi zirenetik, langileek 15 batzar izan dituzte FEVEM patronalarekin, baina ez dira akordio batera heldu. "Gatazka indartuko da patronalak kasurik ez badu egiten. Borrokak salto kualitatibo bat emango du", ohartarazi du Azkuek.
Ildo beretik hitz egin du Orbegozok manifestazioaren amaieran. "2021. eta 2022. urteen bitartean, erosteko ahalmenaren % 14 galdu dugu. Ez diegu utziko beren onurari eusten. Enpresei dirulaguntzak ematen ari gara. Edo soldata dago edo gatazka dago". Erosahalmena bermatzen duen soldata duina, lan baldintzetan atzerapausorik ez egotea eta hainbat urteren ostean lortutako eskubideak ez galtzea eskatzen dute langileek.
Etorkizuna
Hurrengo pausuen inguruan bilerarik aurreikusita ez dagoela aipatu du Jose Maria Rojo UGTko industria federazioko kideak: "Egoeraren balorazio bat egin beharko dugu gaurtik aurrera. Azken bileratik ez dago gerturatzerik". Negoziazioak daramatzan 10 hilabeteetan FEVEM-ek egoera langileak pobretzeko erabili dutela salatu dute.
Horrekin batera, konponbidea erakutsi dio CCOOko kideak: "Hurbilketak proposatu behar dituzte, urte askoan izoztuta egon diren gaietan hobetu ahal izateko. Beste probintzia batzuetan sektoreko hitzarmenak sinatzen ari dira, ekoizpena desberdina izan gabe. Aldagaien gainean aurrera egiten badugu, akordioa errazagoa izango da".
Manifestazioaren erdian, Moyua plazara heldu direnean, pentsiodunen mugimendua txalo artean batu da metaleko grebalariekin, "borroka hau irabaziko dugu" lelopean.
Moyura bidean pentsionistak eta Metaleko langileak batu dira pic.twitter.com/Tg6e3rKVmC
— Bilboko Uriola (@uriolaeus) November 2, 2022