Iñigo Ramirez de la Piscina, Bilboko Euskaraldiaren dinamizatzailea

“Aurtengo Euskaraldian ariketaren kalitatea findu nahiko genuke”

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko aza. 3a, 16:33

Iñigo Ramirez de la Piscina Bilboko Euskaraldiko dinamizatzailea da, Liher Barrantesekin batera. Alde Zaharreko Santa Maria kalean lokala ireki berri duten honetan, azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte gauzatuko den ariketa kolektiboaren inguruan berba egin du Bilboko Uriolarekin.

Lokala ireki berri duzue. Zelan joan dira lehenengo egunak?

Poliki-poliki goaz, boluntarioen menpe gabiltza eta. Ez dugu baliabiderik goiz eta arratsaldez bertan egoteko, Bilboko batzordea nahiko murritza delako, eta bakoitzak bere zereginak ditu. Dinamizatzaile bezala, Liher-ek eta biok dedikazio osoa daukagu, baina, noski, ez da soilik lokalean egoteko, beste leku askotara mugitu behar dugu eta. Beraz, auzoetako batzordeei esker ari gara txanda horiek betetzen. Horri esker, ondo bidean doa, jendea erantzuten ari da.

Zertarako da lokala?

Alde batetik, Zazpi Kaleetako txapa banaketa puntua izango da. Baina bere funtzioa harago doa, txapak banatzeko lekuak ia auzo guztietan egongo dira eta. Informazio puntua izango da, baita harrera gunea ere. Euskaraldira hurbildu nahi duen orori arreta eskainiko diogu hemen. Bilboko batzordeak ere hemen egiten ditugu. Eta, noski, hauxe da Bilbon arropa eta material salmenta leku nagusia, puntu finkoa.

       

Lokalaren inaugurazio eguneko irudiak

Hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta azkenengoa pandemiak baldintzatu zuen. Oraingoan zer espero behar dugu?

Oso edizio ezberdinak izan ziren lehenengoa eta bigarrena. Lehenengoan sekulako ilusioa piztu zen, nobedadea zelako. Eta bigarrenean, jendea ezin zen kalera atera apenas, leku asko itxita zeuden eta, beraz, elkargune horiek faltan izan genituen. Hirugarren honetan, pentsatzen dugu ez dela lortuko lehenengoan lortutakoa, baina bigarrena gaindituko dela bai. Auzoetan sumatzen da jendea poliki-poliki ari dela aktibatzen, baina bigarrenean izan genuen eszenatokia baino askoz ere hobea daukagu oraingoan.

"Bigarren Euskaraldian izan genuena baino askoz ere eszenatoki hobea daukagu oraingoan"

Oraindik ere aukera egongo litzateke jende berria inplikatzeko Euskaraldian?

Bai, noski. Auzoetako Euskaraldi batzordeak dira garrantzitsuenak kontu honi bultzada emateko. Errondak egin ditugu auzoetan, eta aurkezpen formalak ere bai. Hala ere, lagundu nahi duen norbait balego ez dakiena norengana jo, datorrela hona edo idatz dezala bilbo@euskaraldia.eus helbide elektronikora, eta guk jarriko dugu harremanetan bere auzoko eragileekin.

Aurreko bi edizioek zein irakaspen utzi digute? Izan ere, oker ez banago, aurten horretan ere jarri nahi izan da arreta, aurreko ariketek izandako eraginean.

Bai. Aurreko edizioei begiratuta, aurtengoan ariketaren beraren kalitatea findu nahiko genuke. Lehenengo edizioan parte-hartzaile kopurua izugarria izan zen, ahobizi eta belarriprest mordoa egon ziren. Baina geure susmoa da ariketa ez zela guztiz ondo bete, batez ere ahobizien partetik. Argitu nahiko genuke zer den benetan ahobizi izatea, eta rol horretan izena ematen dutenak gutxiago izan arren, hala egiten dutenek ondo bete dezatela. Gauza bera Ariguneekin. Gehiago edo gutxiago lortzea baino, benetan funtziona dezatela da gure nahia.

Euskaraldiaren gainean aurreko edizioetan zabaldutako zenbait mito ezeztatu nahi ditugu. Horietako lehenengoa da Euskaraldia euskararen aldeko ekimena dela. Ez da hori. Ariketa praktiko soziala da. Hau da, ez datza “ni euskararen alde nago, eman txapa bat” esatean, ariketa bete egin behar da.

Bestalde, rolen gainean ere badabil nolabaiteko ideia faltsua, ahobiziek euskara maila itzela dutela dioena, eta belarriprestek, aldiz, eskasa. Kontua konpromiso maila da. Ahobizi izateko ez du axola asko edo gutxi jakiteak. Gakoa da beti prest egotea elkarrizketa elebidunetan euskaraz jarraitzeko edota ezezagunei lehen hitza euskaraz egiteko. Ariketa zailagoa da betetzen ahobizi roletik, baina horrek ez du esan nahi belarriprest batek gutxiago dakienik edo euskara eskasagoa duenik.

"Ariketa zailagoa da betetzen ahobizi roletik, baina horrek ez du esan nahi belarriprest batek gutxiago dakienik edo euskara eskasagoa duenik"

Beraz, adibide bat jartze aldera, ez litzateke kontraesankorra izango aurreko edizioan ahobizi izan ostean oraingoan belarriprest rola hartzea.

Inondik inora ere ez. Zalantza izanez gero, egin autodiagnostiko bat, eta ez badakizu ziur ahobizi rola beteko duzun ala ez, izan belarriprest. Ez da ezer gertatzen. Euskaraldiarentzat eta ariketa honentzat belarriprest izatea mesedegarria da. Zera adierazten ari zara: “Mesedez, niri euskaraz egitea nahiago dut”. Ez da inorentzat garrantzitsuagoa ahobizi asko egotea. Eta ariguneen kasuan, gauza bera: zalantzaren aurrean, ez izan arigune. Hala ere, bertan dabiltzan langileek jar dezakete txapa. Orduan, besteontzat ere gune aproposa izango da euskaraz aritzeko, pertsona horiek dauden unean behintzat.

Ariguneena aurreko ediziotik datorren berrikuntza da. Zer dira eta zelan funtzionatzen dute?

Oso sinplea da: euskaraz lasai egiteko guneak dira Ariguneak. Egia da aurreko edizioan nobedadea izan zenez, apur bat nahasgarri suertatu zitzaiola jendeari. Oraingoan sinpletzera jo dugu, eta ez da kanpo eta barne Arigunerik egongo. Ariguneak izango dira enpresa txikiak, handiak, herriz gaindikoak, auzoko denda txiki-txikiak… Baldintza zera da: etengabe gutxienez belarriprest izango dela hor arreta ematen ari den jendea. Hori, noski, kanpora begira. Izan ere, ariguneak langileen artekoak ere izan daitezke. Hau da, langile guztiek jakin dezatela lan orduetan, edo enpresako arlo batean, euskaraz egin daitekeela.

Hain zuzen, itxi berri da Ariguneen izen-emateko epea. Baduzue horri buruzko daturik?

Kopuru zehatza ez dut gogoan, baina badakit aurreko edizioan beste, gutxienez, badaudela izena emanda. Gehien-gehienek berretsi dute, horixe izan baita bereziki gure ahalegin nagusia, berriak egitea baino. Dena den, berriak ere sortu dira bidean.

Belarriprest eta ahobizi roletara itzulita, norberak hartzen dituen konpromisoekin daukate zerikusia. Hala ere, ariketa kolektiboa dela azpimarratzen duzue. Nola gauzatzen da hori?

Rol jolasa da, eta identifikatuta joatea da garrantzitsuena, horren bidez lortu nahi baita hizkuntza ohiturak aldatzea. Euskaraz jakinda ere erdaraz aritzeko arrazoiak asko izan daitezke, bakoitzak bereak izango ditu. Baina maiz arazoa izaten da ez dakigula besteak ba ote dakien. Bada, txapen bitartez identifikazio hori egiten da, eta horrela lortzen da norbanakotik kolektibora salto egitea. Jende euskaldun berria identifikatzen laguntzen digu, eta aurrerantzean horiekin hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ematen digu.

"Jende euskaldun berria identifikatzen laguntzen digu Euskaraldiak, eta aurrerantzean horiekin hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ematen digu"

Ariketa hamabost egunekoa izan arren, pentsatzekoa da luzaroan mantenduko diren aldaketatxo batzuk eragitea dela asmoa.

Bai. Euskaraldiaren eraginkortasuna, izatekotan, hortxe egongo da.

Azken edizioetan ikusi dugu hainbat ekimen egin direla Euskaraldia kalera ateratzeko eta ikustarazteko. Aurten ere egongo da halakorik?

Bai, Euskaraldian zehar eta lehenago ere bai. Jendeak jakin dezala zer gertatzen ari den. Are, dena delakoagatik parte hartzen ez dutenak ere akaso hurrengorako anima daitezen, ikusgarritasuna funtsezkoa da.

Ekitaldi batzuk komunak izango dira, Bilbo mailakoak, eta beste batzuk, berriz, auzoek eurek antolatuak. Bilbo mailan, ekitaldi nagusietako lehenengoa Euskaraldiaren bezperakoa izango da. Alondegian elkartuko gara azaroaren 17ko 19:00etan, eta txapa-jartze sinbolikoa egingo dugu, Euskal Herriko hiriburu guztietan modu sinkronizatuan gauzatuko dena.

"Alondegian elkartuko gara azaroaren 17ko 19:00etan, eta txapa-jartze sinbolikoa egingo dugu, Euskal Herriko hiriburu guztietan modu sinkronizatuan gauzatuko dena"

Beste hitzordu bat, denetan handiena, azaroaren 26an izango da, Euskaraldiaren erdi-erdian, eta egun osoko egitaraua prestatuko dugu. Horren helburua da guztiok batu, ordura arteko esperientziak jai-giroan partekatu eta azken asteari begira ilusioa transmititzea.

Amaitzeko, azken egunean, abenduaren 2an, Ez-amaiera jaia deitu duguna antolatuko dugu.  Helburua horixe bera izango da, segida ematea.

2018ko edizioko talde argazkia

Despistatuta dabiltzanentzako: zer egin behar da aurtengo Euskaraldian parte hartzeko?

Euskaraldia.eus webgunera jo eta erdi-erdian dagoen leihotxoa klikatu, Eman izena jartzen duena. Jarraian, helbide elektronikoa eskatuko digute. Plataformak helbide hori ezagutzen badu, pasahitza eskatuko digu eta izen-ematea berretsiko dugu. Parte hartu nahi dut klikatu eta belarriprest edo ahobizi rola aukeratu, besterik ez. Eta helbidea ezagutzen ez badu, ohiko datuak betetzeko eskatuko digu. Dena den, inork arazorik baldin badauka, idatz dezala bilbo@euskaraldia.eus-era eta lagunduko diogu.

Zer edo zer gaineratu nahiko zenuke?

Jendeari zera esatea: mesedez, txapa hartuz gero, izena emateko eta ariketa benetan betetzen saiatzeko. Eta, horrez gain, gozatzeko 15 egun direla, ez dela tentsiorik sortzeko unea, ez geure buruari gehiegi eskatzekoa, ez inor erretzekoa… eta, lehen aipatu bezala, epe luzera begira jartzeko ariketa dela. Hau da, ea orain lortzen dugunak gerora iraun dezakeen.