663,5 milioiko aurrekontua edukiko du Bilbok 2023an, 2022an baino %4,8 gehiago

uriola.eus 2022ko aza. 3a, 16:23

Zerbitzu publikoen partida 314 milioi eurokoa izango da, udal inbertsio publikoa 117 milioi eurokoa, eta auzorako inbertsioa 53 milioikoa. Aurrekontua "izaera sozialekoa eta zerbitzu publikokoa da", udalaren esanetan. EH Bildurentzat, "ez da gai izango bilbotarrek egungo krisi egoeran dituzten beharrei aurre egiteko”.

Datorren urteko Bilboko aurrekontuak 663,5 milioi euro izango ditu, 2022an baino 30,3 milioi gehiago. Inoizko altuenak izango dira, eta lau atal nagusi izango ditu gastuetan. Oinarrizko zerbitzu publikoen partidak (314 milioi), udal inbertsio publikoa (117 milioi), eta auzoetako inbertsioa (53 milioi) dira lehenengo hirurak. Azkenik, langileen gastuen atala egongo da (184 milioi). Urtea zero zorrarekin amaitzea da asmoa ,eta horretarako Udalkutxaren bidez (%58,2), zerga eta tasen bidez (%31,2) eta beste diru-sarreren bidez (%10) helduko da dirua.

Udalak, aurrekontu hauekin, helburu nagusi batzuk ditu: "Balizko erronka edo ezustekoei aurrea hartzea; Bilboren garapen ekonomikoa bultzatzea. eta uriko pertsonen eta auzoen bizi-kalitatea hobetzeko inbertsioarekin jarraitzea”. Hiri erakargarri, inklusibo eta jasangarria eraikiko duten aurrekontuak dira, udalaren arabera. 

Aburtok aurreproiektuaren aurkezpenean azaldu du Udal Gobernuaren helburua: "Aurrekontuokin, etorkizuna proiektatzen jarraitu nahi dugu, hirirako ekimenekin eta kudeaketa onaren makineria are gehiago aktibatuz, mundu mailako egoeraren ondorioz izan daitezkeen ezustekoen aurrean beti prest egoteko”.

Aurrekontu "kontinuista"

Ez da ados agertu EH Bildu Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuekin. "Aurreko ekitaldietakoen antzerakoak" eta "bilbotarrek egungo krisi egoeran dituzten beharrei aurre egiteko ez dira gai izango", Jone Goirizelaiaren esanetan. "Pertsonen beharrei erantzuteko inbertsioak egitea inoiz baino beharrezkoagoa den egoera batean", inbertsioa %4,8 baino ez dela handitzen kritikatu dute.

Igo den inbertsiotik, "erdia baino gutxiago gure hirian hainbeste behar dituzten auzoentzat" izan dela aipatu du. Herritarrei begira, hauen proposamenei 2 milioi euro "soilik" bideratu zaiela gaitzetsi du alderdi subiranistak: “Aurrekontuaren zenbatekoa kontuan hartuta, bizilagunen proposamenetara soilik kopuru hori bideratzea irrigarria da”.

Gainera, beste udal taldeekin ez direla kontrastatu esan du Goirizelaiak: "Aurrez prestatutako aurrekontua aurkeztu digute, lankidetzarako tarte txikiena duena". Halaber, batzordean, prentsaurrekoan emandako datuak baino askoz gutxiago aurkeztu zituztela aipatu du. Proiektua sakon aztertuko duela adierazi du alderdiak. 

Proiektu aipagarriak:

  • Auzokide Planaren obrak: 13.210.235€
  • Elementu mekaniko / igogailu berriak: 6.961.000€
  • Deustuibarrako uholde-depositua: 5.503.600€
  • Gizarte-larrialdiko laguntzak:5.000.000€
  • Agirre Lehendakariaren etorbidearen berrurbanizazioa:4.728.700€
  • Saneamendu-sarea berritzea:4.100.000€
  • Etxebizitza komunitarioan sartzeko laguntzak:3.575.750€
  • Zorrotzaurreko ituntze-batzarra:3.570.000€
  • Enplegu-planak:3.523.665€
  • Frantziako Tourra 2023:3.000.000€
  • García Rivero ikastetxeko zurajeko elementuak ordeztea: 2.500.000€
  • Rodriguez Arias merkataritza-korridorea:1.890.000€
  • Deustuibarrako babes-horma:1.888.700€
  • Enekuri-Elorrieta-Artxanda konexioa: 1.837.400€
  • Oinezko ardatza Txurdinagako ekobulebarrean:1.802.500€
  • Zorrotzaurreko energia berriztagarrien sistema:1.694.700€
  • Artxandako kiroldegia eraberritzea:1.600.000€
  • Itxaropen kaleko ekipamendua:1.401.600€
  • Zorrotzako atletismo-pistako aldagelak:1.100.000€
  • Bilbao Arte museoa handitzea espazio berri batean: 1.100.000€
  • Uraren hornidura-sarea berritzea:1.002.148€
  • Errugbi gimnasioaren eraikina Errekalden:1.000.000€
  • Etxegabekoentzako laguntza:950.441€
  • Artxandako errepidea pasealeku bihurtzea:909.600€
  • Suhiltzaileen autoeskailera:890.000€
  • Artxandako Topaketaren parkea:800.000€
  • Etxetik kaleratutako eta birkokatutako familientzako laguntzak:800.000€
  • Mª Díaz de Haro kalea urbanizatzea. I. fasea:790.200€
  • Adinekoen elkarteentzako laguntzak:783.000€
  • Zazpi Kaleetako argiztapenaren efizientzia:758.935€
  • Basoak eta antzeztokia Etxebarria parkean:700.000€
  • Auto elektrikoak kargatzeko puntuak egoiliarren aparkalekuetan:375.000€
  • Irisgarritasuna hobetzea Zabalako udaltegian:350.000€
  • La Perrera-Maker gunea:336.015€
  • NBEren GJH Bulegoa:250.000€
  • Bakearen eta Bizikidetzaren Foroa: 50.000€
  • AHT lurperatzeko aukeren azterlana:230.000€

Herritarren proiektuak

Datorren urteko aurrekontuan, gainera, herritarrek proposatutako proiektuak sartzen dira, 2 milioi euroko inbertsioarekin. Guztira 28 proposamen hautatu dira, eta horietatik 17 lehenetsi dituzte herritarrek, beren botoekin.

  1. Rafaela Ibarra kalean espaloiak eta irisgarritasuna konpontzea: 300.000€.
  2. Zurbaran HLHIPeko sarbideak egokitzea: 300.000€.
  3. Kañu pasealekuan baranda aldatzea: 300.000€.
  4. 0-3 urteko haurrentzako zabuak San Ignazio - Ibarrekolandan: 300.000€.
  5. Argiztapen publikoa areagotzea Agirre Lehendakariaren etorbidean, San Ignazion: 202.000€.
  6. Wifi guneak jartzea parkeetan: 121.000€.
  7. Argiztapen publikoa hobetzea San Frantziskon: 60.000€.
  8. Etxerik gabeko pertsonentzako ostatatze-plazak gehitzea, maskotekin sartzeko aukera ematen dutenak: 90.000€.
  9. Ibilbide tematikoak sortzea Gerra Zibilaren eta Bilbon izan zituen ondorioen memoria historikoa sendotzeko: 90.000€.
  10. Altzariak ipintzea Sarrikoko parkean hondartza berde bat sortzeko: 90.000€.
  11. Kaleko katuen populazioa zaintzeko eta babesteko programa sendotzea: 50.000€.
  12. Bankuak jartzea Abusu auzoan: 30.000€.
  13. Esku-hartze artistikoa Clara Campoamorri omenaldia egiteko haren heriotzaren 50. urteurrenean, genero-berdintasunari egin zion ekarpenagatik: 15.000€.
  14. Tabakoaren kontsumoa desnormalizatzeko kanpaina: 15.000 €.
  15. Animalien adopzio arduratsua sustatzeko kanpaina: 15.000€.
  16. Arraza-diskriminazioa gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina: 15.000€.
  17. Bizi-ohitura osasungarrien gaineko kanpaina Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon: 5.000€.

Aurrekontua, sailen arabera

Aurrekontua sailka, 1. Kapitulua (Langile-gastuak)* kenduta:

  • Zerbitzuak eta Bizi Kalitatea: 97.632.000€.
  • Mugikortasuna eta Jasangarritasuna: 69.674.700€.
  • Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoak: 59.014.800€.
  • Ogasuna: 53.639.400€.
  • Gizarte Ekintza: 45.703.900€.
  • Kultura eta Gobernantza: 39.016.110€.
  • Ekonomiaren Garapena, Merkataritza eta Enplegua: 28.500.000€.
  • Gazteria eta Kirola: 18.606.300€.
  • Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaiak: 16.526.700€.
  • Obrak eta Zerbitzuak – Barrutiak: 13.210.300€.
  • Euskara eta Hezkuntza: 9.962.500€.
  • Herritarren Segurtasuna: 8.622.000€.
  • Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak: 6.614.900€.
  • Hiri Berroneratzea: 3.565.500€.
  • Osasuna eta Kontsumoa: 3.504.500€.
  • Berdintasuna: 1.198.100€.
  • Etxebizitza: 640.000€.

* 1. Kapitulua (Langile-gastuak): 184 M €)