Gazteen BBK Sariketea eskualdeka lehiaketak XXX. edizioa egingo du urteroko "xede berberarekin". Bertsolari gazteen indargunea den txapelketa Markina-Xemeinen hasiko da azaroaren 7an 10:30ean. Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/ Ezkerraldea/ Meatzaldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe / Txorierri eta Uribe Kosta izango dira parte hartzaileak. Talde bakoitzak sei partaide izango ditu, hiru 18 urte azpikoak eta beste hiru 25 urtera arte. Hala ere, saioz saio taldekideak aldatu daitezke.
30. urteurrenaren harira ekitaldia berezia egingo da BBK Salan finalaren egunean. Bertso sortak, argazki zaharren emanaldia, brindisa eta libreko saioa egongo da gonbidatu bereziekin. Urte hauetan guztietan sariketan parte hartu duten lehen lerroko bertsolariak egongo dira. Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria. Gai jartzaileak eta aurkezleak Idoia Anzorandia eta Igor Menika izango dira.
Gazteen artean bertsolaritza sustatzea du helburu nagusi sariketeak. Honen bidez "sare bat osatu" dela aipatu du Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza-arduraduna. "Saretzea eta taldetzea" izan dira Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak erabilitako bi hitzak, 30 urte hauek deskribatzeko. Bertsolari askoren hasiera izan da Oihana Bartraren kasuaren moduan: "Oso garrantzitsua izan da nire oholtzaratze prozesuan. Taldeka egitea konfiantza ematen dizu".
Antolaketa
Urtero bezala antolatuta egongo da txapelketa eta lehenengo fasean lau kanporaketa egongo dira. Hauek ikastoletan egingo dira bertako bertsolaritza ikasleentzat zuzendua. Aurten berrikuntza gisa finalaurrekoak Euskaltegietako ikasleak izango dira publikoa. Finalean jada, publiko guztiari luzatu diote gonbidapena.