Gaur hasiko da VillaSound jaialdiaren III. edizioaren izen ematea

uriola.eus 2022ko aza. 7a, 14:49

Azaroaren 7tik abenduaren 13ra izena eman ahalko da eta guztietatik 12 hautatuko dira martxoan Bilborocken egingo diren lau kontzertuetan parte hartzeko. Seik VSB Mentoring programarako hautatuak izango dira eta batek gira bat egingo du estatutik.

Gaur hasiko da VillaSound Bilbao jaialdiaren hirugarren edizioa. Artista gazteen sorkuntzak bultzatu eta sustatzearen aldeko jaialdiak izen ematea irekita izango du abenduaren 13ra arte. Musika banda edo bakarlariek eman ahalko dute izena eta guztira hiru fase izango ditu. Hasierako hautaketa, VSB Mentoring eta azkenik VSB Tour 2023. Banden proiekzioa bultzatzea, banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilboko mugetatik at zabaltzea du helburu jaialdiak.

Lehenengo pausua izango da izen eman duten guztietatik 12 banda hautatzea. Iker Bárbara, Lorea Argarate, Bikendi Cadelo, Mª Jose Aranguren eta Jon Hervás egingo dute hautua. 2023ko martxoan lau kontzertu egingo dira Bilborocken, eta horietako bakoitzean hiru banda edo bakarlarik joko dute. Urtarrilean argituko dituzte zeintzuk izango diren.

Kontzertu horietatik, erdia hautatuko dute VSB Mentoring prestakuntza programan parte hartzeko. 2023ko maiatzetik irailera izango da eta bakoitzaren beharren arabera antolatu eta moldatuko da. Profesionalek emango dute programa eta gai ugariak landuko dira banden indartze hori ahalik eta onena izan dadin: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideak kudeatzea eta sustatzea, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak, besteak beste.

Azkenik, prestakuntza programatik, banda edo bakarlari bakarra izango da hautatua. Datorren urteko azkenengo hiruhilekoan bira bat egiteko aukera izango du estatuko lau hiritan. Izen-emate honi ikusgarritasuna emateko, azaroaren 11n, Brava bakarlariak, eta aurreko bi edizioetan mentoring faseetan hautatutako bi taldeek joko dute Bilborocken: Ramonas´s First Evil Boyfirend eta Txopet.

Parte hartzeko baldintza bi egongo dira nagusiki. 16 eta 30 urte bitartekoa izatea eta Euskal Autonomia Erkidegokoak edo Nafarroak izan beharko dira. Euskarazko taldeak izatea eta emakumeak egotea baloratuko da. Bestalde, edozein musika-mota jo dezakete eta bat baino gehiago nahasi. Izen ematea helbide honetan egin beharko da: www.bilbao.eus/bilborock

Hazten jarraitzeko urtea

Aurreko edizioak 106 taldek eman zuten izen guztira. Ben Santana Las Selvas, Laguna Goons, Txopet, Catch & Soul, Tanzzzania, Supercremalleras, Laina, Alai, Sara Azurza, Kyxo eta Night Demonz X Locoalien X Inix izan ziren hautatuak. Kasu honetan gaztelania eta gizonak izan ziren nagusi; horregatik jaialdia euskararen eta emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzen du.