Euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatuko ditu Pantailaldiak ostiraletik aurrera

uriola.eus 2022ko aza. 7a, 18:46

Euskaraldiaren testuinguruan euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatu eta pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak pausoak ematera bultzatu nahi ditu Pantailak Euskaraz-en ekitaldiak. Bost boluntario buru-belarri murgilduko dira eta 100 pertsonak baino gehiagok eman dute izena.

Pantailaldia ostiral honetan hasiko da, azaroaren 11n. Pantailak Euskaraz-ek Euskaraldiaren testuinguruan abiatutako ekimenak astebetez euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa bultzatuko du, hainbat ekintzarekin eta egitarau berezi batekin. Pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utzi nahi ditu, erakundeek aurrerapausoak eman ditzaten. 

Euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka izango dute herritarrek azaroaren 11tik 18ra. Parte hartzaileek Pantailaldiko profil-irudia, euskarazko ikus-entzunezko baliabideen zerrenda eta agenda proposamena izango dute. Edonork eman ahalko du izena Pantailak Euskarazen webgunean ostegunera arte; dagoeneko 100 pertsonak eman dute izena. 

Bost boluntariok konpromiso berezia hartu dute erronka hau betetzeko. Sare sozialetan euren esperientzia komentatu eta beste guztiekin partekatuko dute, aste horretan egiten dutena eta bizitzen dutena kontatuz. Tokiko komunikabideetan lekua izango dute elkarrizketa eta erreportajeen bidez. Ekimenean parte hartzen duen edonork #Pantailaldia traolaren bidez Pantailaldiaren bizipenak idatzi ahal izango ditu. Gainera, hainbat babesle izango ditu: Berria taldea, Hamaika TB, Argia, Zinea.eus, Game Erauntsia elkartea, Euskal Encondings, eta zernonikusi.eus

Egitaraua

Egun guztietan zeregin bat egongo da eta, gainera, aste osoan zehar aurrera eramateko ekintzak egongo dira. Lehenengo egunean Berriaren txanda izango da. BerriaTB, Berria ikasgela eta Berriapodcast ikus eta entzunekoen eguna izango da. Larunbatean, Jokoteknia euskarazko bideojokoen jardunaldia izango da, 10:00etan.

Igandean, zinema euskaraz aldarrikatzeko protesta koloretsuak egingo dira hiriburu bakoitzeko zinema batean. 17:00etatik 17:30era egingo dira Zinema euskaraz, gure eskubidea! lelopean. Astelehenean, azaroak 14, Argiaren dokumental bat ikusteko eguna izango eta asteartean, Hamaika TB app berria instalatzeko eguna eta saio bat nahieran ikustekoa. Azkenaurreko egunean, azaroaren 17an, 19:00etan Pantailaldiko boluntarioak elkarrizketa egingo dute Eneko Oroz twitzlariarekin. Azkenik, Goazen! denboraldi berriaren lehen atala emitituko da, 21:00etan ETB1n azaroaren 18an.

Bestalde, aste osoan zehar hainbat gauza gomendatzen dira. Soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu eta sortzen dituzun bizipenak sareetan elkarbanatuz, Zer Non Ikusi web-orrian bilatu zein eduki ikus ditzakezun euskaraz streaming plataforma ezberdinetan, Zinebi zinema jaialdian film guztiak euskaraz azpidatzita ikustea eta ETB1, ETB3, HamaikaTB, Tokiko Euskarazko Telebistak ikustea.