Tokikom Sarien edizio berezia, taldearen hamargarren urteurrena dela eta

uriola.eus 2022ko aza. 8a, 12:27

Barikuan egingo da ekitaldia, Arantzazun, eta nobedade gisa, komunikazio proiektuak izango dira sarituak, kazetaritza lanak baino. Hala, urteotan nabarmendu diren egitasmoak izango dira protagonista, “bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egindako lan eskerga” aitortze aldera.

Elkarrekin bidea eginez leloa hautatu du euskarazko tokiko komunikabideen sareak urtemuga borobilerako. Hala, ohiko sari banaketaz harago joango da aurtengo hitzordua, eta hamar urteok emandako fruituen inguruan gogoeta egin eta bazkideen arteko harremana sendotzeko parada ekarriko du. Horri lotuta, taldearen ibilbidea laburbiltzen duten dokumentala ere aurkeztuko dute.

Azaroaren 11ko ekitaldia, baina, ospakizunen hasiera baino ez da izango; izan ere, kanpora begirako ospakizuna antolatzeko lanetan dihardute, 2023ko lehen hiruhilekoan egingo dena.

Nabarmentzekoa da gaur egun 70 hedabidek baino gehiagok osatzen dutela Tokikom. Horien artean daude Bilboko Uriola atari digitala zein Deustualdeko Prest! aldizkaria.