Manifestazioa pertsonak bereizten dituzten munduko harresien aurka

uriola.eus 2022ko aza. 8a, 15:27

Azaroaren 9an, Harresien aurkako Nazioarteko egunean, SOS Arrazakeria Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta BDS Bilbo plataformek deituta manifestazioa Atxuriko kantxetatik abiatuko da 19:00etan, herriek eta pertsonek beren etorkizuna era askean erabaki dezaten aldarrikatzeko.

Bihar, azaroak 9, manifestazioa antolatu dute Bilbon Munduko harresiak apurtu! lelopean. Arrazakeria Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta BDS Bilbok deituta Atxuriko kantxetatik abiatuko da 19:00etan eta Unamunon amaituko da. Plataformek, salatu dute mugetan zein mundu osoko lurraldetan 60 harresi baino gehiago daudela, eta gehiago jartzea dela lider politikoen soluzio bakarra; 80ko hamarkadan sei besterik ez zeuden.

Egitura fisikoak, tropak, itsasontziak, hegazkinak, droneak edo zaintza digitalak izan guztiak dute helburu bera: "Guztiak eraikitzen dira pertsonak bereizten jarraitzeko, batzuen pribilegioak eta boterea babesteko eta beste askoren giza eskubideak eta duintasuna ukatzeko". Egitura horien barruan Bilboko Udalaren oztopatzea salatu dute. Izan ere, urtarrilean Atxuriko kantxetan, Ipar Afrikar ugari gauak pasatzen zuten lekuan, harresiak jarri zituen gauez inor ez sartzeko.

"Harresien eraikuntzak onura zerrenda luzea eskaintzen dio industria militarrari eta segurtasun industriari", gaineratu dute plataformek manifestazioaren deialdia egiteko komunikatuan. Hura amaitu baino lehen, ekintza sinbolikoa egingo dute Zamudioko atarian mota guztietako harresi eta hormak suntsitzea eskatzeko eta "herriek eta pertsonek beren etorkizuna erabakitzeko eta bizitza duina bermatzeko duten erabaki askea errespetatzeko".

Anti arrazismoa pARTEkatu

Larunbatean, azaroaren 12an, arrazismoaren aurkako arte jaialdiaren hirugarren edizioa egingo da Atxuriko Enkarnazio enparantzan. 12:00etan Tfarrahk  Devenir Seiba-ren autoreak poesia, narratiba eta saiakera errezitala aurkeztuko du. 13:00etan Silvia Agüero Fernándezek ijitoaren estereotipoaren sorrerari buruzko hausnarketa-tailerra emango du. 14:10etan Madera Ilegal kantautore borikuaren musikaz gozatu ahalko da eta 15:00etatik 17:00etara janari solidarioa egingo da.