Udal-ordenantzen aplikazio zorrotzagoa izango da Udaltzainen presio neurria

uriola.eus 2022ko aza. 8a, 18:02

Bilboko Udalak proposatutako egutegiaren eta ordutegien aldaketaren aurka protesta egiteko "japoniar erako greba" hasi dute. Araudia zorrotzagoa izango da eta isun gehiago jarriko zaie herritarrei, sortutako ezinegona Alkatetzari helarazteko asmoz. 

Udaltzaingoak gaur egun duen zazpi asteko zikloaren egutegia, bost asteko ziklora lekualdatzearen alde protesta egiten jarraituko dute hiriko segurtasun gorputzek. Herritarren Segurtasuneko Sailarekin duten gatazkaren ondorioz, "japoniar erako greba" hasi dute. Presio neurri honen bidez trafiko-erregelamenduaren eta udal-ordenantzen aplikazioa zorrotzagoa izango da. Helburua herritarrengan haserrea sortzea izango da eta hauek haien ezinegona udalari adieraztea gatazka konpontzeko.

Hainbat hilabete daramate borrokan Udaltzaingoek eta maiatzean sindikatuek segurtasun gorputzaren narriatzeaz ohartarazi zuten. Udalaren aldetik formakuntza jasotzen ez zutela, drogaren aurkako unitatearen moduko unitateen desagerpena edo poliziek jasotzen dituzten plusen murrizketa salatu zituzten. Baina ordutegian eta egutegian egin nahi dituzten aldaketak izan dira gatazka hau erabat piztu dutenak. 

Zuzendaritzak dio Bilbok agenteak behar dituela ostegun, ostiral eta larunbat gauetan, ekitaldiak, botiloiak eta abar direla eta, baina langile batzordea ez dago "batere ados" horrekin ELA-k azaldu duen moduan: "Udalak ezarri nahi duen 5 asteko egutegiak okertuko luke norberaren bizitza eta familiaren kontziliazioa, eta Udaltzaingoaren lan-baldintzen aurkako eraso zuzena da". 

Hainbat egutegi aukera aurkeztu dituzte, goizetan eta arratsaldeetan Udaltzainen presentzia murriztuko litzaketelako eta plantillaren ordezkaritzaren ustez "kalte egingo lieke herritarrei". Horrekin batera, duela 30 urte baino gehiagotik jasotzen den gaueko eta jaiegunetako osagarri murrizteko proposamenak haserrea eragiten du.

Negoziazio-mahaiek porrot egin zuten eta Langileen Batzordeak bi batzar deitu ditu hainbat erabaki hartzeko ELA-k adierazi duen moduan: "Langileek aho batez uko egin zioten 5 asteko egutegiari eta baldintza ekonomikoak murrizteari, eta horrek mobilizazio-egutegi bat planteatzera garamatza: sinadurak biltzea zuzendariaren kargu-uztea eskatzeko, manifestazioak, protestak Udalbatzetan, Gobernu Batzordeetan eta abar". Negoziatzen jarraitzeko asmoa dute eta Herritarren Segurtasunerako Zuzendaritzak haren jarrera "zurruna malgutzea" espero dute.