Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuekin batera mobilizatu da, biztanleriak bizitzen ari den pobrezia salatzeko eta aberastasunaren banaketa eskatzeko. Gutxieneko soldata 1.400 eurotan jartzea eta KPIaren arabera eguneratzea, eta 1.240 euroko gutxieneko pentsioa eskatu dute. "Kaleak hartzeko ordua da eta 19an hitzordu garrantzitsua daukagu eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei", adierazi du Garbiñe Aranburu LAB-eko idazkari nagusiak.
Langileen aurka suertatzen ari den "lapurreta" salatzeko kontzentratu dira, apurka-apurka areagotzen ari den arazo bat Aranbururen esanetan: "Bizitzearen garestitzearen ondorioz. Soldatek eta pentsioek eros-ahalmenean izaten ari duten galeraren ondorioz eta zerbitzuen publikoen eraispenaren ondorioez". Galera hauen erantzule nagusiak gobernu eta alderdiak direla aipatu du. Egoera honetara bideratu dituzten politikak aldatzeko "ausardi eta borondate falta" azpimarratu du LAB-eko idazkariak.
Egoerari buelta emateko Garbiñe Aranburuk argi utzi du "antolakuntza eta borroka gakoak" direla. Mobilizazioak indartu beharra eta hauek masiboa izatearen garrantzia azpimarratu dute gaur: "Aurrekaririk gabeko mobilizazio ziklo bat martxan dago Euskal Herrian".
Amaia Muñoa, ELAko idazkari nagusiaren ondokoak bi datu eman ditu aipatu duten pobreziaren egoera salatzeko. Alde batetik, pobrezian erortzeko arriskuan dauden pertsonen kopurua %44an handitu dela 2008tik. 103.000 pertsona gehiago zeuden 2021ean egoera horretan. Beste aldetik, 2008an EAEn segoen araudiarekin gutxieneko diru sarreren errenta jasotzen zutenak 300 euro gehiago kobratzen zituzten.
Datu horien ondorioz, bi helburu nagusirekin atera dira gaur kalera. Eros ahalmenaren defentsa eta horren bermatzearen aldeko aldarrikapenak publikoa egitea zen horietako bat. "Bereziki, kolektibo prekarioak, egoera hau pairatzen dutenak, bai ala bai haien erosahalmena bermatuta izan behar dute", adierazi du Muñoak. Horrekin batera, zerbitzu publikoak garatzeko eskaera egitera atera dira. Garbiñe Aranbururen deiarekin bat eginda, azaroaren 19ko kontzentrazioetara jendea animatzea izan da.