Zinebi 64, abiatzeko prest

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko aza. 10a, 15:14

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia bihar hasiko da, 19:30etik aurrera Arriagan egingo den inaugurazio galarekin. Agnieszka Hollandi eta Iñigo Salaberriari eskainiko die aurten jaialdiak Ohorezko Mikeldi saria.

Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza arituko dira biharko hasierako ekitaldian aurkezle lanetan, eta, besteak beste, Merina Gris taldearen emanaldia ikusteko aukera izango dute bertaratuek. Horrez gain, noski, zinema emanaldiak ere ez dira falta izango, eta aurtengo sail ofizialean lehiatuko diren euskal film laburrak proiektatuko dituzte, guztiak ere erabateko estreinaldiak.

Aipatu bezala, Agnieszka Holland eta Iñigo Salaberria izango dira aurtengo Ohorezko Mikeldi Sariduna. Lehena hiru bider izendatu dute Oscar sarietan, eta, besteak beste, Europa, Europa (1990), Washington Square (1997) eta In Darkness (2011) bezalako ikus-entzunezkoak zuzendu ditu. Salaberria gipuzkoarra izango da beste sariduna, duela hilabete gutxi hil dena, eta haren senideek jasoko dute aitortza.

Azaroaren 11tik 18ra arte luzatuko da jaialdia eta, horren baitan, guztira 57 pelikula lehiatuko dira Sail Ofizialean. Bada, nazioarteko epaimahaiak baloratuko ditu lan guzti horiek, eta hainbat sari banatuko dituzte. Anca Caramelea errumaniar zinema programatzailea, Hlke Doering Oberhausengo (Alemania) Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunak, Juan soto Taborda kolonbiar muntatzaile, errealizadore eta artxibozainak, Sabina Urraca idazleak eta Begoña Vicario Arte Ederretako doktore eta animazio zuzendariak izango dira epaimahaikideak.

Bertako sortzaileentzako bultzada

Aurtengo edizioan ikusi ahal izango diren hainbat lanen arduradunak egon dira gaur goizean jaialdia aurkezteko egin duten agerraldian. Batzuentzat Zinebin parte hartzen duten lehenengo aldia izango da; aldiz, beste batzuek dagoeneko beterano dira. Hala, esate baterako, Alas/Tierra film laburraren ekoizle den Cristina Herguetak zera nabarmendu du, esker onez: “Zinebik gure zinema ibilaldi osoan zehar lagundu gaitu”. Hondarrak lanaren zuzendari Paula Iglesiasek ere esan du “etxean estreinatzea” dela harentzat lan hau Bilboko jaialdian erakustea, eta azpimarratu du “bultzada handia” eman diola ekimenak bere eta bere kideen zinema jardunari.

Ainhoa Olaso eta Enara García, aldiz, lehenengoz egongo dira Zinebin. Hemen bizi da maitasuna lana zuzendu dute, gurasoen etxea utzi eta amagandik agurtzeko unea duen alabaren egoera hizpide hartuta.

Txuspo Poyo nafarrak ere ezagutzen du dagoeneko Zinebi, duela lau urte Izaro filma erakutsi baitzuen bertan. Oraingoan, aldiz, Gran Hotel Nazareno aurkeztuko du, hainbat elementu uztartzen dituen dokumentala: “Zientzia eta erlijioa harremanetan jartzea eta turismoari lotutako higiezinen espekulazioari buruzko gogoeta egitea da asmoa”, azaldu duenez. Hala, Groenlandian 1843an harrapatutako balearen hezurdura (Erromako Nazareno ikastetxeko piezarik garrantzitsuenetako bat) lekualdatzeko unea du abiapuntu, eraikina luxuzko hotel bat egiteko saldu ondoren.

Aipatutakoez gain, Karla Crncevic zuzendari kroaziarrak ere parte hartu du aurkezpenean. Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera ekoitzi du Wild Flowers lana. Errealizadorearen aitak bideo-kamera bat erabili zuen egun bakar hartan grabatutako materiala oinarri du 13 minutuko dokumentalak.

Josu Martinez bilbotarra ere beteranoetakoa da Zinebin. Hain zuzen ere, bere azken film laburrak, Anti izenekoak, saria jaso zuen Zinebin. Bada, oraingoan Hitzak fikziozko lana dakar, 90eko hamarkadan kokatua. Baso batean lurperatutako paper-zatiak aurkitzen dituzten lau gazte ditu protagonista. Euskararen diskriminazioaren agertokia izan zen Anti, eta oraingoan ere ildo horri tiraka osatu du Martinezek Hitzak.