Iñigo Salaberria eta Agnieszka Hollandek jasoko dituzte Zinebiko ohorezko lehen Mikeldiak

Pablo Martínez Canibe 2022ko aza. 11a, 14:40

Hil berri den Euskadiko bideoaren erabilera sortzailearen aitzindariak eta Europako Zinema Akademiako egungo zuzendaria den gidoilari eta zuzendari poloniarrak jasoko dute. Hollanden kasuan "norbanakoen askatasunarekiko izan duen begirada konprometitua" saritu nahi izan dute eta bihar Guggenheimen 1981ean zuzendu zuen Kobieta samotna filma proiektatuko dute.

Gaur hasiko da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioa eta ohorezko lehen Mikeldiak emango dituzte. Alde batetik, hil berri den Iñigo Salaberria bideo-sortzaile gipuzkoarraren senideek jasoko dute saria; eta bestetik bere gidoilari eta zuzendari lanetan "Europaren Historiaren aldaketa handiak" islatu dituen Agnieszka Holland poloniarrak jasoko du saria. Inaugurazio galan Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburrak proiektatuko dira. 

Sari hau "nazioarteko ibilbide luzea duten pertsonak omentzeko erakusleihoa" dela aipatu du Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak. Margarethe von Trotta, Hirokazu Koreeda, Claire Simon edo Marcho Bellocchio bezalako zinemagileak saritu dira Zinebin. Hollanden pelikulak zinemagintzan izan duten garrantzia ohoretu nahi izan dute Vanesa Fernández jaialdiko zuzendariak azaldu duen moduan: "Oso egun berezia da eta oroitzapen handia aterako dugu hemendik".

Hollandek txikitatik jakin zuen zein zen bere pasioa eta Pragako FAMU ospetsura joan zen zinema ikastera. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean lortu zuen Poloniako industria zinematografikoan leku bat Actores provinciales filmarekin (1978). Cannesen saritua izan zen eta 1981ean, Polonian debekatua izan zen eta larunbatean Guggenheimen proiektatuko den Una mujer solitaria sortu zuen. Immigrante politikoa bilakatu zen pelikula egin zuen urtean, eta toki "undergorund" gutxi batzuetan besterik ez zen ikusi. 9 urte geroago 16mm-ko kopia bat lortu zuen eta ezagunagoa izan zen. Garai horretan, Polonian emakumeek bizi zuten egoera azaltzen du filmak. Bere herrialdeko historia kontatzen duen arren, "kontakizun oso unibertsala da" Hollandentzat. Guztira Oscarretarako hiru aipamen jaso ditu eta Urrezko Globo bat lortu zuen Europa, Europa filmari esker.

"Askatasun indibidualekin izan duen begirada konprometitua" saritu du Zinebik. Bere ibilbide borrokalarian Europako aldaketa handiak islatu dituela aipatu du jaialdiko zuzendariak. "Pandemiaren ostean panorama ezezaguna daukagu eta zinemak eremu horretan, erantzukizun bat dauka eta gerraren esparruan komunikatzeko erreminta bat izan behar du", adierazi du zuzendari eta gidoilari poloniarrak.

Bere zinema egiteko modua ez da aldatu. Bere esentzia hasi zenetik, gaur egun arte aplikatzen du eta aldatzen badoa ere, berdin mantentzen saiatu da. "Nire bizitzaren motorra, kuriositatea da", onartu du. Horrekin batera, energia eta pazientzia behar da: "Urteekin galtzen da, eta hori barik geratzen naizenean, utziko dut". Anekdota barregarri gisa, daukan txakurrak horrekin lagundu diola aipatu du. 

Emakumeen presentzia zineman

Emakumea izanik, eskertu du azken aldian hauen presentzia altuagoa izatea, baina oraindik ibilbide luzea dago aurretik. Bera hasi zenean, emakumeen presentzia filmen zuzendaritzapean eskasa zen eta oraindik zenbaki hori txikia da. 2019an, Estatu Batuetan filmen %8 bakarrik emakumeengatik zeuden zuzenduta; kopuru hori, %18ra arte igo zen aurreko urtean.

"Eskandinavian, gaur egun finantzaketaren erdia emakumeentzako doa eta beste erdia gizonentzako. Horrek erabateko eragina izan du eta zuzendari oso onak ateratzen ari dira", aipatu du Hollandek. Zerbait "ohikoa" bihurtuko dela nabarmendu du eta emakumeak zinemagintzan gero eta konfiantza handiagorekin agertzen direla adierazi du.

Hurrengo lana

Kafka idazle txekiarrari buruzko biografia bat izango du bere hurrengo lanean jorratuko duen gaia. Hau izan da zuzendariak eman duen deskribapena: "Batere konbentzionala ez den biografia da. Izan ere, idazle honen bizitzari buruz hitz egiten badugu ezin da ezer konbentzionala egin". Aurretik aurrekontu gutxiko film bat egingo du, Polonian eta Bielorrusiaren arteko mugan gertatzen diren arazoei buruz. Bere film anitzen artean, serieren batentzako lekua ere, izan du Agniezska Hollandek. Hala ere, onartu du alde batera uzteko asmoa duela "lehen zeukaten indarra eta balioak galdu" dituztelako.