Mugitzeko zailtasunak dituzten adinentzako bizikleta programa jarri da abian

uriola.eus 2022ko aza. 11a, 15:06

Bizikletan adinik gabe programaren bitartez hainbat ibilbide egingo dira belaunaldien arteko topagune gisa eta aisialdi osasungarrirako jarduera bat erraztearren adinekoentzat. Gurpil-aulkietarako plataformadunak, aulki ergonomikodunak eta bikotean joateko eserleku bikoitzeko bizikletak egongo dira.

Nagusien mugikortasuna sustatzeko asmoz Bilbok Bizikletan adinik gabe programa jarri du abian. Honen bidez mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoek bizikletan paseatzeko aukera izango dute. Aldez aurretik ezarritako ibilbide batzuk egiten dituzte gidariekin eta modu honetan belaunaldien arteko loturak ezartzen dira. Gainera, pertsona hauek zaintzeaz arduratzen direnak, atsedena izateko aukera izango dute.

Danimarkan 2012an jaio zen zerbitzua da eta gaur egun, mundu osoko 500 hiritan baino gehiagotan dago. Zahartze aktiboa, parte-hartze soziala eta segurtasuna sustatzen ditu, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Bilboko biztanleen %31, 60 urtetik gorakoak dira, eta %9a 80 urtetik gorakoa; beraz aukera egokia da hiriarentzat. Zerbitzua bicissinedad@bilbao.eus helbidearen bidez, 94 410 39 84 telefonora deitzen edo 617 362 013 zenbakira whatsApp bat bidaltzen eskatu daiteke.

EH Bilduren eskutik

Gobernu taldeak adostutako zuzenketa baten ostean onartu da alderdi subiranistak urtarrileko osoko bilkuran proposatutako programa. Ekimen hau atxikita dagoen Adinekoekin Adiskidetsuak diren Hirien Sarearen programaren esparruan sar dadin eskatu zen; OMEk sustatutako programa. Bruno Zubizarreta zinegotzia pozik agertu da programaren onarpenarekin "mugikortasun jasangarriko eta aisialdi osasungarriko proposamena delako, eta gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duelako".