Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen aldeko manifestazioa egingo da azaroaren 19an

uriola.eus 2022ko aza. 14a, 16:24

Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek eta eragileek eta beste hainbat kolektibok bat egingo dute Bilbon larunbatean. Langile klasearen pobretzearen zerbitzu publikoak murriztearen, emakumeak zaintza lan ikusezin aitortu gabekoetara kondenatzearen eta planetako ekosistemaren suntsitzearen aurka mobilizatuko dira.

Larunbatean, azaroaren 19an, manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Egungo krisi sistematikoaren aurrean, botere publikoen alternatibek "pobretzea" dakarrela salatuko dute, pentsiodunek, sindikatuek, eragileek eta beste hainbat kolektibok. Gutxieneko 1.400€-ko soldata eta 1080€-ko pentsioak, genero arrakalarekin amaitzea, arreta- eta zaintza zerbitzu soziosanitarioen sare publiko unibertsala eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan ematen ari diren murrizketak gelditzea, dira eskaera nagusiak.

Manifestazioaren deialdia irekitzeko egindako komunikatuan soldaten eta pentsioen erosteko ahalmenaren galera salatu dute, "emakumeei modu berezian" eragiten diena eta haien eskubideei "aurrez aurre eraso" egiten diena. Faktore horrek hainbat arazo ekarri ditu deialdiaren arabera eta horien artean etxebizitza eta alokairuaren prezio neurrigabea dago: "Pertsona askok kalean bizitzera behartuak izaten dira. Etxegabetzeek ez dute etenik, eta Euskal Herrian ia ez dago etxebizitza parke publikorik".

Halaber, zerbitzu publikoen okertzea aipatu dute: "Premiazkoa da inbertsioak sakonki hobetzea bai hezkuntzan bai osasungintzan, baita zaintza sistemaren garapena". Horrekin batera krisi klimatikoak dakarren arriskua gogorarazi dituzte. Etekinak, langile klaseari oinarrizko produktu, energia eta elikagaien prezioak igotzearen bitartez, "oligopolio energetikoen etekinak lehenesten" direla azaldu dute. 

Aipatutako eskubide guztien murrizketak "onartezinak" dira eta horren urrean Ibex 35eko enpresek "mozkin-errekorrak" lortzen ari direla azpimarratu dute: "2021ean, irabaziak % 83 igo dituzte 2019aren aldean eta bankuek 2008ko erreskatearen 100.000 m/e kontu publikoetara transferitu dituzte, baina ez dituzte itzuliko".

Borroka komuna

Deialdiaren bidez, ohartarazi dute elkarrekin borrokatuko dutela. Aberastasunaren banaketa justua, soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta KPIaren arabera igotzea aldarrikatuko dute; hala nola, genero-arrakalarekin amaitzea. "Zerbitzu publiko unibertsalen bermea, pertsona guztientzat bizi-baldintza materialak, etxebizitza, energia, elikadura eta eskubide sozialak besteak beste ziurtatzeko eskaria da gurea", azaldu dute. 

EAEko eta Nafarroako gobernuei haien ardurari muzin egitea eskatu diete eta "aplikatzen diren politika publikoen norabidea errotik aldatzeko" unea dela adierazi diete deialdia herritar guztiei luzatzeaz gainera.

Eragile, sindikatu eta mugimendu sozial ugari

Larunbateko manifestaziorako atxikimenduak ugariak dira: Movimiento de pensionistas de EH, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT, CNT, Emakume Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Mujeres libres, Trabajadoras No domesticadas, Oneka, Zaintza Babesten, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sos Arrazakeria Nafarroa, AZET etxebizitza  sindikatua, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, Berri Otxoak, Uribarri Prest, REAS Nafarroa, Plataforma Navarra por la Salud, Ernai, Gu ere Bagara Bilbo, Gazte Komunistak, Ikama, Ikasle Sindikatua, AHT Gelditu Nafarroa, Kakitzat, Gune Ekosozialista, Sukar Horia, Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Trantsizioan eta Olatukoop.