Gabonetako aisialdia prestatzen hasi da udala

uriola.eus 2022ko aza. 16a, 10:00

Izotz ekologikoko pista eta txirrista, haurrentzako karpa eta gabonetako azoka instalatzen hasi dira Areatzan eta Erripako kaian. Azaroaren 24an jarriko dira martxan eta abenduaren 2an azoka. 

Gabonetarako hilabete baten faltan Bilbo urte amaierako garai honetarako prestatzen hasi da. Gabon argiak jarrita daude jada leku batzuetan eta azaroaren 30etik aurrera argiztatuko dute hiria. Horrekin batera, aisialdirako guneak azaroaren 24tik aurrera funtzionatuko dute. 800 metro karratuko izotz ekologikoko pista bat, sei erreiko txirrista bat, 0 eta 12 urte arteko umeentzako karpa bat eta 20 etxoletako Azoka izango dira jarduerak. Azken hau, azaroaren 2tik aurrera jarriko da martxan.

Izotz ekologikoko pista estatuan modalitate horretako pistarik handienetakoa da eta horren erdia estalita egongo da karpa batekin eguraldi txarra egiten duen egunetarako. Sarrerak bertan erosi ahalko dira edo bilbaopistadehielo.com webgunean. Ordu erdiko saioak izango dira, 3,5 eurogatik eta 2,5 euro familia ugarientzat. 20 pertsona baino gehiagoko taldeentzako erreserbak reservasgabonak@proasur.com helbidean egin beharko dira. Bestalde, txirristaren prezioa 2,5 eurokoa izango da eta hiru aldiz erabiltzeko aukera emango du.

Bi jarduera hauetaz gain, Gabonetako ametsen faktoria 0 eta 12 urte arteko haurrentzako karpa egongo da. Tailerrak egiteko, Olentzerorentzako eta Errege Magoentzako gutunak postontzian uzteko edo ludotekaz, labirintoaz eta argazki-erakusketaz gozatzeko aukera izango dute besteak beste. Hauetan parte hartzeko izena eman beharko dute aurretik karpan bertan, edo azaroaren 18tik aurrera hurrengo estekan.

Ekintza guztietarako ordutegiak berdinak izango dira. Eskolak irekita dauden bitartean 16:00etatik 20:30era irekita egongo dira. Asteburuetan, jaiegunetan eta Gabonetako oporraldian 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.

Gabon hauetan Bilbo eskatu dut 

Lelo horrekin merkataritzaren, ostalaritzaren, kulturaren eta aisialdiaren aldeko kanpaina abiaraziko da. Honen bidez, gonbita egin nahi zaie herritarrei hirian kontsumitu eta eros dezaten; tokian bertan eta are eremu geografiko zabalean eragitea bilatzen du Udalak. Urtarrilera arte iraungo du kanpainak.