Adriana Bilbaok 'Zarra' estreinatuko du Arriagan bere aitonaren omenean

uriola.eus 2022ko aza. 17a, 09:00

Telmo Zarra Athletic-eko jokalari mitikoaren iloba den koreografo bilbotarrak dantza-obra berri bat estreinatuko du gaur 19:30ean. Bederatzi interpretatzailek dantza eta flamenkoa futboleko kirol-elementuekin nahasiko dituzte agertokian.

Adriana Bilbao koreografoak bere lan berria estreinatuko du Arriagan. Zarra dantza eta flamenkoa uztartzen dituen lana da eta bere aitonaren omenean egindako obra da. Telmo Zarra, sei Pitxitxi garaikur lortu zituen eta Espainiako ligako golegile nagusia izan zen 60 urtez. Sei emakumezko dantzari eta hiru gizonezko dantza eta flamenkoa kirol-elementuekin nahasiko dituzte aurrelariaren indarra eta nerbioa azpimarratzeko.

 Adriana Bilbaok Zarra ezagun eta zelai barruan pertsona errespetagarria bihurtu zituen kirol- eta giza balioetan jarri nahi izan du arreta, dantza- pieza eraikitzerakoan eta koreografiak dantzariekin batera sortzerakoan. Zarrak berak gidatuta Bilboko jatorri eta oroimenetara hurbiltzen gaitu obrak; meatzaritzari eta industriari lotutako sustraietara. 

Musika-konposizioa Guillermo Guillének egin du eta koreografia Bilbaok egin du dantzariekin batera. Adriana Bilbao bera, Carmen Bejarano, Tatiana Cuevas, Blanca Lorente, Gabriel Matías, Miriam Pérez, Magdalena Mannion, Adrián Domínguez eta Pablo Egea dira dantzariak. 

Flamenko tradizionala

Adriana Bilbaoren estiloaren barruan kokatzen da obra berri hau. Bilbon dantza ikasi ostean Malagara joan zen, ostean Sevillan eta Madrilen ikasi zuen. 2019an, bere konpainia sortu zuen eta guztira beste bi obra sortu ditu: Burdina-hierro eta ECLAT. bere proiektuak, tablaoaekin eta nazioko eta nazioarteko konpainia-emanaldiekin uztartzen ditu. publiko berriak arte eszenikoetara hurbiltzea sustatzea da bere lanen helburu nagusia.