Gure Esku-ren etorkizuna argitzen laguntzeko Itsasargia

uriola.eus 2022ko aza. 18a, 14:32

Herri dinamikaren tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzeko eztabaida prozesu bat bideratuko du Gure Eskuk martxora arte bere 10. urteurrenaren harira. Apirilaren 22an, Nazioarteko Konferentzia bat egingo du Irunen eta Tourrerako ekintzak prestatuko dituzte.

Itsasargia izango da Gure Esku dinamikaren ardatz nagusia. Norabide berri baten bila eztabaida prozesu zabala irekiko du herri dinamikak hurrengo urteetan. Ekainaren 8an, 10 urte beteko dituzte eta "une ezin hobea" ikusi dute arnas luzeko eztabaida hau aurrera eramateko. "Herritarrok gara bidea argituko dugunak", azaldu du Josu Etxaburu bozeramaileak. 10 urteko ibilbidea oinarri, etorkizuna helburua izango da: "Ideia eta joerak zalantzan jartzeko prest egoten saiatuko gara, gaur-gaurkoz baliagarri zaigunari eutsi, eta gainerakoa eraldatzeko”.

Antolaketa eredua birpentsatzeko arrazoi nagusia, orain arteko ereduari eusteko zailtasunak dira: “Agortze bidean dirudien eredu batekin tematu baino, pixkanaka bestelako eredu baterantz jotzeko apustua egitea planteatzen dugu". Egituraketatik sare izaera handiagoa izango duen antolaketa eredu baterantz bideratu nahi da ekimena. 

Ekarpenak Itsasargia den proposamen politikoaren gainean egingo dira. Gure Eskuren funtzioa horrela azaldu du Etxaburuk: "Eztabaida publikoan ahots propioa izango du, eta nortasun eta diskurtso subiranista berri bat eraikitzeko ahalegina egingo du; subiranotasun politikotik egingo dio ekarpena gizarteari". Orain arte bezala, eragileen arteko elkarlana sustatu eta burujabetzen aldeko borrokekin bat egingo du, "nazioarteko aitortza" lortzeko bidean: "Autodeterminazio eskubideari buruzko auzia nazioarteko komunitatean ere ebazten da".

Borroka guzti hau, Euskal Herri osoan egingo duela berretsi du bozeramaileak: "Euskal lurralde guztietan baliagarria izango den proposamen politiko bat garatzeko ahalegina egingo da". Bertako herritar, gizarte eragile, alderdi politiko eta erakundeak uztartuko dituzten adostasunak aldarrikatuko dituzte.

Metodologia eta ildo nagusiak

Berregituratze honetan, Gure Eskuko kideak izango dira abiapuntu nagusia eta herri dinamikatik kanpo heltzeko helburua eta bokazioa izango du. Hala ere, erabakiak hartzerako orduan, ezinbestekoa izango da bazkide izatea. Izan ere, hauen ekarpen ekonomikoak dira proiektua sostengatzen dutenak. Horrekin batera, komunitate osoari bazkidetzeko deia egin dute.

"Martxoaren 5era bitartean, bazkide bakoitzak proposamenean eztabaidagai izango den puntu bakoitzarekiko adostasuna edo desadostasuna agertu eta ekarpenak egiteko aukera egongo da Gure Eskuren online Plaza bidez (plaza.gureesku.eus)", azaldu du Josu Etxaburuk.

Halaber, eztabaida saioak antolatuko dira eta lehena Tolosan izango da abenduaren 15ean eta eztabaida publikoa elikatuko da lau mahai-ingururen bidez. Proposamen politiko eguneratua martxoaren 25eko Bazkideen Ezohiko Batzarrean aurkeztuko da eta bertan zein online Plaza bidez bozkatu ahalko dira ideiak.

Berregituratze honen 11 ildo nagusiak hurrengoak izango dira: Subiranotasuna, subiranotasuna eta burujabetzak, Euskal Herria ardatz, herri akordio zabalen alde, munduko subiranistekin elkarlanean, nazioarteko aitortza baterantz, gizarte aktibo eta ahaldundua, tokian-tokiko antolaketa, zuzendaritza Kontseilua eta Idazkaritza, egitura juridikoa eta finantziazioa.

Nazioarteko Konferentzia eta Tourra

Prozezuarekin batera Nazioarteko Konferentzia bat prestatzen ari dira. Apirilaren 22an izango da, Ficoban (Irun), sorreraren ekitaldia egin zen leku berean. "Munduko esperientzia subiranistak gurera ekartzea da asmoa, Euskal Herrian politikoki eragin asmoz. Gure Eskuren komunitateko kideek urteurrena ospatzen hasteko hitzordua ere izango dute", aipatu du bozeramaileak.

Bestalde, Tourrak Euskal Herrian egingo duen hasiera baliatuko du ekimenak "aldarriak lau haizeetara zabaltzeko". Etxaburuk "ezinbestekoa" ikusten du Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutela ozen esatea eta herri gisa, "gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzea". Oraindik prestatuta ez dituzten arren, uztailaren 1, 2 eta 3ko etapetan ekintza deigarriak egiteko asmoa daukate.