Dagoeneko taula gainean ari ez direnei ‘Agur eta ohore’, Pantx-en eskutik

uriola.eus 2022ko aza. 22a, 13:20

Jamaikar kulturaren bueltan diharduen taldeak geldiezin jarraitzen du, eta hainbat nobedade dauzkate esku artean une honetan. Tartean, aktibo ez dauden taldeen lanak argitaratzeko egitasmo berria. Hala, jakinarazi dute Jahgoikoa eta Reggae Zaharra taldearen abesti biko binilo berria badatorrela.

Disketxea baino askoz ere gehiago da Pantx Records kolektiboa, eta dituen adarrak gero eta gehiago dira. Sei urte betetzear diren honetan, gero eta adar gehiago jaiotzen ari zaizkio egitasmoari. Oraingo honetan, Agur eta ohore deitu dutena aurkeztuko dute Durangoko azoka alternatiboan. Azaldu dutenez, bilduma berri honetan aktibo ez dauden taldeen lanak publikatzeko xedea daukate, eta lehenengo erreferentzia labetik ateratzear da: Jahgoikoa eta Reggae Zaharraren singlea.

Ibilbide laburra izan du 2019an sortutako Jah Goikoa eta Reggae Zaharra talde iruindarrak, eta lan luze bakarra grabatu zuten agur esan aurretik eta, hain zuzen ere, horixe islatu dute izenburuan: Bat eta bakarra. Bada, bertako kanta bi hautatu ditu Pantxek 7’’ formatuan argitaratzeko: Bi katu eta 6 Dio. Lehena “euskaraz kantatutako lehen rocsteady jamaikarra” litzateke, disketxekoen esanetan, eta bigarrenak, berriz, Prince Busterren The Commandments kanta du inspirazio, “Gabriel Arestiren galbahetik igarota”.

Bilboko kolektiboak horrenbeste maite dituen jamaikar doinu zaharrak jorratzen ditu taldeak, eta, beraz, pozik azaldu dira Pantxekoak proiektu honekin, berezko duten umorea erabiliz azaldu duten bezala: “Aspaldian prediku berri baten zain ibili gara, aspaldian erreguz ibili gara pastoral praktikak eta pentsamendu teologikoak lurrera itzul zitezen. Azkenean, gure otoitzak entzun egin dira eta infernuko atea bota ostean, gurekin dira Jahgoikoa eta Reggae Zaharra”.

Sustraian Recordsen grabatu ziren abestien doinuak, Iosu Mighty Martiren gidaritzapean, eta Gelboes Estudioan txertatu zizkieten ahotsak eta nahasketak, Borja Goñiren laguntzarekin. Aipatutako bi abestiak ez ezik, datozen egunotan sare sozialen bidez zabalduko ditu Pantx-ek Jahgoikoaren lan luzeko gainerako abestiak.

Zain zeudenentzako, badator LKJ-ren liburuaren bigarren edizioa

Hori gutxi ez, eta berri gehiago ere badakartzate bilbotar-jamaikarrek. Iaz argitaratu zuen Pantxek bere lehen liburua, Linton Kwesi Johnson poeta eta ekintzaile jamaikarraren poesia antologia, Beñat Gabiñak euskarara ekarria: Askatasuna kontu serioa da. Lehenengo edizioko aleak agortu ziren jada, eta gogoz geratu ziren horientzako berri onak datoz orain, bigarren edizioa aterako baitute.

Kolektiboaren 5. urtemugaren harira martxoan Uriolan argitaratutako elkarrizketa honetan irakur daitezke Pantx Recordsi buruzko xehetasun gehiago.