Artxandako zabortegiaren berrirekitzea salatu du Artxanda Parke Bai plataformak

uriola.eus 2022ko aza. 22a, 14:33

Herritarren eta ekologisten plataformek Bilbo Handiko Metropoli parkea eskatu dute eta zabortegiaren irekitzea eta hedatzea salatu dute. Udalari, Eusko Jaurlaritzaren erabakietara “makurtu” dela egotzi diote. Aburtok, bi proiektuak bateragarriak direla adierazi du.

Arantxa Tapia, Iraunkortasuneko eta Ingurumeneko sailburuak aurreko astean argitaratutako Hondakinak Kudeatzeko Bide Orrian adierazi zuen Artxandako zabortegia berriz irekiko dela. 1,200.000 tona hondakin ez-arriskutsu hartuko ditu urtean, zuntz-zementua biltegiratzeko gelaxkak izango ditu eta 2030ean itxiko da. Artxanda Parkea Bai plataformak “ezustea” adierazi du 2006az geroztik metropoli-parkea eraikiko zen lekuan “Bizkaiko industria-hondakinen zabortegirik handiena eraikiko delako”.

“Harridura eta haserrea” doa plataformaren barrenean eta informazio falta salatu dute: “Eusko Jaurlaritzari, Bilboko Udalari, Sondikako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari informazio argia eta gardena eskatu die plataformak, baita Artxandaren etorkizunari, hondakinen kudeaketari, kokapenari eta isuri beharreko hondakin-motei buruzko eztabaida demokratikoa ere. Eta isiltasuna eta hitz hutsak besterik ez ditu jaso”. Horrekin batera Udalari leporatu diote ez dituztela jarri aurretik “herritarren sentimendua asebeteko luketen hirigintza-arauak”. Herritarren plataformaren arabera berrikusten ari den Bizkaiko Lurralde Plan Partzialari aurkeztutako alegazioak ez dira kontuan hartzen. Bilboko herritarrak “kalte gehien jasan dutenak” direla adierazi dute.

Gaur egun, Artxandako zabortegia lindanoz kutsatuta dago 1986tik eta Asua eta Nerbioi ibaiak kutsatzen ditu Artxanda Parkea Bai-k emandako datuen arabera. Deskontaminazio hori 2030etik aurrera aurreikusten da “pilula gisa” aurkezten den 2030eko itxieraren ostean. “Pilula horrekin irentsi behar dugu, eta, horrela, ibilbide-orri horren oparotasunean sinetsi, errealitate posible gisa baino, egungo hondakinen sorrera-egoera dela eta. Nola pasa daiteke 1.200.000 tona/urteko izatetik 0 tona/urteko izatera 2030ean?”, jarri du zalantzan plataformak.

Zaldibarko zabortegiaren ezbeharraren ostean, Arantxa Tapia sailburuak iragarri zuen isurketagatik kanona ezarriko zela birziklapena bultzatzeko. Hala ere, oraindik kanon hori ez dago abian. Salaketa honekin batera, Artxandako parkearen aldeko plataformak jarraituko du Metropoli Parke aurrera egiten laguntzeko ekimenak antolatzen.

Egoera hobea

Juan Mari Aburtok Euskadi Irratian izandako elkarrizketa batean zabortegiaren alde agertu da: “1976ra arte irekita egon zen zabortegia berreskuratuko da, bertan dauden hondakinak sailkatuko dira eta beste zabortegi batzuetara eramango dira. Hondakin inerteak, eraikuntzatik etorritakoak izango dira. Gero berreskuratu, ondo itxi eta naturalizatu egingo da gunea. Horren ostean egoera oraingoa baino hobeagoa izango da”. Artxandan dauden proiektu guztiak, horien artean metropoli parkea aurrera eramango dituztela argitu du.