Euskaldunako borrokaldiek 38 urte

uriola.eus 2022ko aza. 23a, 10:26

1984ko azaroaren 23an, ontziolako beharginak beren lantokiaren itxieraren kontrako protestetan ari zirela, polizia gogor oldartu zitzaien. Protestetan parte hartzen zebilen Pablo Gonzalez Larrazabal bihotzekoak jota hil zen.

Bilbotarren memorian bizi-bizi daude oraindik ere duela 38 urte hiriko ontziola handi hark ateak itxiko zituela jakinarazi ostean langileek abiarazitako erresistentzia ekimenak. Ia 2.500 pertsona zebiltzan bertan lanean, eta kaleratze masiboa kolpe latza izan zen. Ez zuten, baina, berehalakoan onartu erabakia, eta Deustuko Zubiko barrikadak eta tiragomak ondo gogoan dituzte garai hori bizi izan zutenek, baita ondorengoek ere. Nabarmentzekoa da langileen familiarteko emakumeek zein beste sektore batzuetako beharginek erakutsitako elkartasuna. 

Testuinguru horretan, Gonzalez ez zen izan kaltegu bakarra azaroaren 23 hartan. Poliziak tiro eta guzti egin zien mobilizatzen ari zirenei, haietako bat balaz jo zutelarik eta beste bat erredurekin larri zaurituta eraman zutelarik ospitalera.