Durangaldea eta Lea-Artibai arituko dira bertsolari gazteen sariketako finalean

uriola.eus 2022ko aza. 24a, 09:40

Barakaldoko azken finalaurrekoan aritutako bertsolarien talde argazkia (Irudia: Bertsozale Elkartea)

XXX. BBK sariketako irabazlea abenduaren 1ean erabakiko da, Kale Nagusiko BBK Aretoan. Taldeka arituko dira eskualdeetako ordezkariak, orain arteko finalaurrekoetan bezala. Uribe Butroe eta Uribe Kosta izan dira finalaren atarian geratu direnak.

Zornotzan eta Barakaldon jokatu dira azken bi finalaurrekoak, biak ere giro ederrean, orain arteko gainerako saioetan bezala. Eskualde bakoitzeko sei ordezkarik parte hartzen dute saio bakoitzean, 18 urte edo gutxiago dituzten hiruk eta 19 eta 25 urte bitarte dituzten beste horrenbestek.

Bada, Zornotzako saioan hauexek izan ziren Lea-Artibairen izenean abestu zutenak: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze, Ziara Larrinaga, Enare Muniategi, Bittor Altube eta Garazi Navarro. Uribe kostaren kasuan, Naroa Jaio, Maialen Lago, June Diaz, Peio Lago, Peru Irastorza eta Paule Loizaga izan ziren protagonista.

Azken finalaurrekoa, aldiz, Barakaldoko Hizkuntza Eskolan jokatu zen, eta Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua, Ixone Asategi, Irune Basagoiti, Ander Elorriaga eta Igor Galarza aritu ziren Durangaldearen izenean. Uribe Butroenerean, berriz, Amaia Gallastegi, Joane Bilbao, Izaro Bilbao, Joseba Ortuzar, Jokin Arriola eta Eneko Elorduy. Azken horiek, baina, ezin izan zuten finalerako txartela lortu.

Finala eta ospakizuna

Aipatu bezala, abenduaren 1ean, osteguna, jokatuko da Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketaren finala, 18:00etan hasita, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan.

Hori gutxi ez, eta ekimenak hiru hamarkada bete dituela ospatzeko jai berezia egingo dute ostean. “Bertan une hauetan guztietan sariketa honen parte izan diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak... batuko gara, egindako bidea gogoan hartu eta ospatzeko”, azaldu du Bertsozale Elkarteak.

Hala, sariketa amaitzearekin batera, sorpresaz betetako egitarautxoa prestatu dute, eta eskualde bakoitzeko bertsolari bana izango da protagonista: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria, Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean.