Suizidio saiakeren aurrean formakuntza falta salatu dute Bilboko suhiltzaileek

uriola.eus 2022ko aza. 25a, 11:52

Materia honetako prestakuntza eta ikasketak haien kontu eta lanorduetatik kanpo egin beharra salatu dute. Udalaren esanetan, krisi suizida duen pertsona bat artatzea ez da suhiltzaileen lana 2022an suhiltzaileen Ikasketen Nazioarteko Elkartetik jaso behar zuten prestakuntza bertan behera geratu da.

Bilboko Udalak bere suhiltzaileen prestakuntzan egiten ari den kudeaketa salatu dute suhiltzaileek. Krisi Suizidetako Suhiltzaileen esku-hartzean duten prestakuntza eskasa aipatu dute arazo nagusi gisa. Gainera Babes Zibileko Arloan ez dute zuzendaririk ez Prestakuntzako arduradunik. "Bilboko Suhiltzaileen kolektiboa lan handia egiten ari da krisi suizidan esku hartzeko zerbitzu hobea emateko", adierazi dute idatzi baten bidez.

2022an Suhiltzaileen Ikasketen Nazioarteko Elkartearen eskutik, 2020an eskatutako formazioa jaso behar zuten. Prestakuntza hori haiek ere bilatu behar izan zuten. Urtearen erdialdean abisatu zieten bertan behera geratuko zela, aurrekontu-zatia beste helburu baterako gastatu zelako eta jasotako formazioa haien esku geratu da. Lau suhiltzailek Madrilgo Udaleko Suhiltzaileen ITSen Unitateak ematen dituen prestakuntza-jardunaldietan egon ziren, lanorduetatik kanpo eta haiek ordainduta. Halaber, beste bi suhiltzaile EHU-ren Suizidiologiako Aditu graduondokoa ikasten ari dira. 

Ikasketak egiteko orduak, Udalak ukatu zizkien haien lana ez dela argudiatuta. Suhiltzaileek ideia hori kontrajarri dute: "Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzaren Taktika Operatiboen barruan JAEH izeneko taktika operatibo bat dagoela, eta horrek Suhiltzaileen zerbitzuari agintea ematen diola krisi suizida duen biktima bat eta salbamendu bat behar den esku-hartzeetan".

Udalaren "oztopoen" aurrean operazioen zuzendaria, haren ondokoa, agintariak eta suhiltzaileak protokolo berri bat prestatzen ari dira. Esku-hartzaileen eta biktimen segurtasuna hobetuko duen materiala kudeatu behar izan zuten eta Madrilgo Udaleko suhiltzaileen protokoloa Bilboko Suhiltzaileen zerbitzuaren ezaugarrietara egokitu dute. 

"Entzungor"

Suhiltzaileen arabera, "udalak ez du baliabiderik erabili nahi suizidioa saihesteko, ez du prestakuntza emateko interesik, ezta langileak baliabidez hornitzeko ere". Haien ezagutzan asko aurreratu eta dena prest dute, baina prestakuntzarik gabe zerbitzu hobea ematea "ezinezkoa" dela kritikatu dute. Era berean, SAMUReko anbulantziaren moduko murrizketak suizidioa saihesteko prozesuan eragina duela ohartarazi dute.

Udalari langileek eskatzen dutenari eta gizarteak behar duenari kasu egiteko eskatu diote: "Oztopo izateari utzi behar dio, horrela, guztion artean, suizidioari aurrea hartzeko". Ezinbesteko prestakuntzatzat hartzen dute suhiltzaileek irteera hauen kopurua gora egin duelako. Ezagutza duten trebatzaileak behar dituzte eta suizidio-saiakuntzako esku-hartze batean prestakuntza ez dutela salatu dute. Suhiltzaile guztiak formatuta egon behar direla azpimarratu dute.