2023ko aurrekontuen proiektua onetsi da oposizio osoaren kontrako botoekin

uriola.eus 2022ko aza. 28a, 16:11

Udalbatzaren Osoko Bilkuran onartu dira Udal Gobernuko aldeko botoekin eta beste osoko bilkura ezohiko batean berretsi beharko dira. 1.339.000 euroko balioa duten 36 zuzenketa onartu dira, EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin-Podemos aurkeztutako 452etatik.

Bilboko Udalak gaur onetsi du osoko bilkura ezohikoan, 2023rako Udalaren Aurrekontuen proiektua. Guztira 663,5 milioi izango dira, aurrekoaren baino %4,8 gehiago. Ekitaldia zorrik gabe ixtea da aurreikuspena. EAJ-PNV eta PSEren aldeko botoekin eta PP, Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduren aurkako botoekin atera da aurrera.

Oposizioko taldeak guztira, 452 zuzenketa aurkeztu zituzten eta horietatik 36 besterik ez dira onartu. Udalak adierazi duen moduan, hainbat dira aurrekontuen xedeak. "Ezezagunak diren erronkei eta ziurgabetasunei aurrea hartu ahal izatea, Bilboren ekonomia-garapena sustatzea, betiere pertsonarik eta sektorerik zaurgarrienei jarriz arreta eta inor ere atzean utzi gabe, eta Bilboko pertsonen eta auzoen bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak eginez jarraituz". Zerbitzu publikoetarako 314 milioi bideratu dira, 117 Udalaren inbertsio publikorako eta 53 milioi auzoetarako.

Zuzenketen arloan sartuta, EH Bilduk aurkeztutako 44etatik, 10 onartu dira eta 630.000 euroko balioa dute. Gazteekin lan egiten duten erakundeei, HIESaren aurkako batzordeari eta T4ri zuzendutako laguntzak, komun publikoak, udal merkatuak, lankidetza eta abar ardatz dituzten proposamenak izan dira.

Elkarrekin-Podemosek 201 zuzenketa aurkeztu zituen eta 12 bakarrik onartu dira, 370.000 euroren balioagatik. Hiri-udalekuetara, emakumeentzako laguntza humanitariora zein larrialdietako laguntzara, patio inklusiboetara, eskola-igeriketaren sustapenera eta elkartegintzara zuzenduta daude.

Azkenik Alderdi Popularraren zuzenketak egon dira. 207tik, 13 onartu dira 339.000 euroko balioagatik. Hauen bidez gauzatu beharreko ekintzen artean, nabarmentzekoak dira adinekoen elkarteei eta eskualdeen zentroei zuzendutako laguntzak, baita Santutxuko Alkoholiko Anonimoak, Bizkaiko Elkarte Artistikoa, Aste Nagusia edo taxi-geralekuetako karga-guneak helburu dituztenak.

Aurrekontuei kritikak

Aurkako botoekin batera, kritikak heldu dira oposizioko alderdien eskutik. Jone Goirizelaia, EH Bilduko bozeramaileak, salatu du EAJ-k "ez dituela bere lehentasunak zentimetro bat ere ez" mugitzen. Gaitzetsi du 54 milioi euroko zuzenketa aurkeztu duten arren ez dela aldaketa hori gauzatuko: "Gure proposamena alde batera utzi dute, eta ez dute kontrastatu nahi izan, eta, beraz, ezinezkoa izan da akordioak lortzea".

Ana Viñals Blanco, Elkarrekin-Podemoseko bozeramailearen arabera "ez dira aurrekontu errealistak". Auzoen arteko batez besteko errentaren ezberdintasuna azpimarratu du eta berdintasun politikak kritikatu ditu Viñalsek, %0,3ko inbertsioagatik: "Ez da eremu sinesgarria emakumeen eskubideekiko eta politika feministekiko konpromiso-parametroetan". Azkenik, Alderdi Popularraren aldetik Raquel González bozeramaileak kritikatu du aurrekontuak zergen igoeran oinarritu dela. "Prezioak izugarri igotzen direnean tasak izoztea zergak igotzea da", salatu du Gonzálezek.

Kritiken aurrean, aurrekontu "onak" direla goraipatu du Alderdi Jeltzaleak. "Nabarmenki sozialak, zerbitzu publikoari begiratzen diotenak, erantzukizunezkoak eta errealistak", dira EAJren hitzetan. Eztabaida eta onarpen jardunaldiaren ostean, abenduan egingo den beste osoko bilkura ezohiko batean berretsi beharko da, abenduaren 28an.