Bilbo eta Basauri konektatuko ditu bidegorri batek

uriola.eus 2022ko aza. 29a, 14:00

El Calero eta Bolueta auzoen artean Arratiako tranbia zaharraren ibilbidea eta El Boquete tunela berreskuratuko dira. 2,2 milioi euroko kostua izango du bizikletaz edo oinez bi herrien artean modu seguruan joateko bideak. 

Bilbo-Durango-Arratia tranbia zaharraren zati bat berreskuratuko da Bilbo eta Basauri bidegorriz lotzeko. Bizikletentzako bi errai eta oinezkoentzako bidea egongo dira. Guztira kilometro bat izango du El Calerotik boluetara era seguru eta erosoan joan ahal izateko. Ibilbideak El Boquete tunela zeharkatuko du ibilbide amaieran. 

Bizkaiko Foru Aldundiak Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailaren bidez bultzatu du. Imanol Pradales foru diputatuak, Asier Iragorri Basauriko alkatearekin batera aurkeztu du eta bizikleta-sareak konektatzeko aurrerapausoa azpimarratu du. Proiektu hau, itsasadarraren ezkerralde osoa Bilborekin lotzeko planari eta eskuinaldeko bulebarraren eta Erandio eta Barakaldo arteko zubiaren eraikuntzari gehitzen zaio.

Guztira, 1.090 metro izango ditu bideak eta laua izango da ia osorik. El Calero auzoko aparkalekuan hasiko da, Etxebarritik igaroko da eta Nerbio-Ibaizabal ibaiaren ibilgua inguratu ostean El Boquete tunelera helduko da. Hau izango da azken zatia; 120 metroko tunela Boluetan hasten den Bilboko udal bizikleta sarearekin lotuko dena. Eraikuntza-proiektua onartu ondoren Aldundiak obrak 2023ko lehen hilabeteetan lizitatzea aurreikusten du. Zortzi hilabete eta erdi izango da lanak amaitzeko epea.

Bidegorriak sei metro zabal izango ditu osotara. Horietako lau, bizikletentzako izango da eta errai bakoitzak bi metro izango ditu. Beste bi metroak oinezkoentzako izango dira. Bi bandek behar bezala identifikatuta eta bereizita egongo dira segurtasun arazoak ez egoteko. Segurtasuna handitzeko, hesiak egongo dira erabiltzaileentzako arriskua suposatzen duten lekuetan. Halaber argiztapena egongo da ibilbide osoan zehar eta tunelak bideozaintza-sistema izango du. 

Azken honetan, egoera onean dagoenez, hegoaldeko ahoan besterik ez dira egingo lanak, hondatutako eremuak saneatzeko eta lehengoratzeko eta jatorrizko dreinadura berreskuratzeko. Beste zatian, Arratiako tranbiaren trazadura berreskuratu eta plataforma handituko da bidegorria sartu ahal izateko.