Bilboko Udalak gaur aurkeztu du Non eta Bilbon liburua. Kaleen, plazen edo parken bidez hiriko historia erakusten du 40 artikuluko lan honek. Labayru fundazioarekin elkarlanean egin dute euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko hitzarmenaren barruan. Guztira 17 idazlek idatzi dute liburua.
Irudiak egiteko Bilboren argazkiak erabili dira eta Mikel Erkiagak egokitu ditu. Diseinua eta maketazioa, BilbaoArteko artisten eskutik heldu da; Maite Choya eta Danuel Alegrete besteak beste. Pedro Zuberogoitia, Felix Mugurutza, Mikel Gorrotxategi, Ziortza Artabe, Aitor Zuberogoitia, Segundo Oar-Arteta, Josu Larrañaga, Iñaki Gaminde, Akaitze Kamiruaga, Patxi Galé, Onintza Enbeitia, Iñaki García Uribe, Juanjo Hidalgo, Jesús Antonio Etxezarraga eta Igone Etxeberria izan dira idazleak.
2020an Bilbon Hara-Hona liburuarekin hasitako toponimia lana amaitzen da honekin, Bizkaiko hiriburuko beste leku eta historia batzuekin. Abando, Arangoiti, Errekalde, Miribilla, Otxarkoaga edo Txurdinagaz dihardu lanak eta literatura eta letren arloko hainbat pertsonaiei buruz hitz egiten da bere orrietan: Agirre, Seber Altube, Toribio Alzaga, Gabriel Aresti, Ángela Figuera, Blas de Otero edo Resurrección María de Azkue, besteak beste.
Juan Mari Aburtok, lanaren garrantzia azpimarratu du: "Honen moduko argitalpenekin, aukera ematen zaigu gure Bilbo honen historiako xehetasun berri asko ezagutzeko edo gogoratzeko, eta, gainera, gure gertuko ingurura hurbiltzen gara, bizitzaren beraren bidez, gure Uriak mendeetan zehar gorde dituen ohituren bidez".
Eskuragarri
Liburua Durangoko Azokan erakutsiko da abenduaren 7tik 11ra eta liburu-dendetan edo Labayruren web-orrian erosi ahalko da. Halaber, ikastetxeetan banatuko da eta liburutegietan eskuragai egongo da.