'Elkarlan uholdea' dator 2023an

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko aza. 30a, 13:17

Bilboko Konpartsek 1983ko uriolak izango dituzte gogoan datorren urtean zehar, baita orduko zoritxar haren ondorioz bilbotarren artean elkar laguntzeko egindako auzolan guztia ere. Hala, lehenengo ekimena aurkeztu dute gaur: Aste Nagusi hartan itsasadarrak gainezka egin zueneko irudiekin osatutako egutegia.

Elkarlan uholdea izendatu duten egitasmoak "borondatezko eta elkartasunezko lanari balioa emango dio", Bilboko Konpartsek gaur goizean egindako agerraldian azaldutakoaren arabera. Konpartsakide gazteak zein beteranoak bildu dira ekimenaren berri emateko Naxa kaian, 1983ko abuztuaren 26an gertatutako hondamendi hark suntsitu zuen jaigunearen eremua atzean zutela. Jaietako egun handia zen, eta uholdeek izugarrizko triskantza sortu zuten hirian. "Baina hondamenetik herri baten indarra azaleratu zen", Garazi Askasibar bozeramaleak azaldu duen bezala: "Uriolak Aste Nagusian suertatu zirenez, konpartsei egokitu zitzaien elkarlan horren antolakuntzan rol garrantzitsua, une horretan Bilbon zegoen talde antolatu nagusia zirelako".

Bada, zoritxar horrek nahiz gerora etorritako auzolanak utzitako irudiez osatu dute 2023ko egutegia konpartsek, "beste urteetako ohiko gai koloretsuak" alde batera utzita eta "iraganeko zuri-beltzera" atzera eginda. Euskal Museoak eta Bilboko Udal Agiritegiak utzitako argazkiak erabili dituzte hori osatzeko, eta egutegiak bi eurotan jarriko dituzte salgai. Mozkinen erdia Etxaldeko Emakumeak taldeari laguntzera bideratuko dute.

Memoria ariketa egiteaz gain, orduko elkartasun adierazpenei gorazarre egin nahi diete konpartsek, eredu izan daitezen aurrerantzean ere. Izan ere, aipatu duten bezala, "elkar hartuta hobeto egiten zaie aurre erronkei". "Oso garrantzitsua da elkarlanaren eta elkartasunaren garrantzia beti presente edukitzea, baldin badator, datorrenean zoritxarrak prest eta indartsu aurki gaitzan, beti", adierazi du Askasibarrek. Hala, konpartsek uste dute 1983ko gertakari horiek arrastoa utzi zutela, eta horren adibide izan zirela, esate baterako, Covid-19ak eragindako osasun krisian zehar hirian sortu ziren elkartasun sareak.

Bada, egutegia Elkarlan uholdearen lehenengo zipristina baino ez da. Izan ere, aurreratu dute datorren urtean zehar hainbat ekintza eramango dituztela aurrera. Besteak beste, Bilboko auzoetara joko dute bertakoen bizipenak jaso eta partekatzera, eta horretarako erakusketak edota hitzaldiak antolatuko dituzte.

Amaitzeko, agerraldian Lurdes Luque izan dute gogoan, Bilboko Konpartsen "txupinera eta lehendakari maitea", duela 15 egun zendu zena. "Lurdesek uriolak bizi izan zituen konpartsakide gazte moduan, eta beti egon zen prest behar zen unean egoteko, denona denaren alde lan egiteko", azpimarratu dute.