Greba eguna izan da gaur Euskal Eskola Publikoan. Bilboko kaleetan zehar milaka hezkuntza langileek euskalduna, propioa eta publikoa izango den hezkuntza aldarrikatu dute. Langileei eragiten dieten erabakiak alde sozialarekin negoziatzea aldarrikatu dute. Jarraipena %60koa izan da sindikatuen arabera eta Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikastetxeen %43ren datuak jaso dituzte eta horietan jarraipena %38,6koa izan da, 9.260 langile.
Irakasle, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak zeuden deituta, eta sindikatuen irakurketarekin egin dute bat gaur goizean. Sistema dualaren “betikotzea” da sindikatuen kezka nagusia eta hura “gainditze bidean” jartzea da helburu nagusia. “Legeak, ez du gaur egun dugun hezkuntza-sistema pribatua gainditzen eta horrek suposatzen du segregazioa den arazo nagusiena ez duela konpontzen”, adierazi du Nagore Tobar LABeko kideak. Hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta propioa lortzeko, hezkuntza legeak izan behar dituen 10 puntu nagusi aurkeztu dituzte sindikatuek.
“Eskola publikoa ardatz gisa” kokatu behar dela azpimarratu dute sistema duala gainditzeko. Horrek sortzen duen “segregazioarekin” amaitzeko “egiturazko aldaketak” aldarrikatu dituzte sindikatuek. “ Itundutako sareari betebeharren mekanismo zorrotzak eta ikusgarriak ezartzea”, eskatu dute. Horrekin batera, legeak Haurreskola Partzuergo publikoa hezkuntza sailean integratzea aldarrikatu dute.
Euskal Autonomia Erkidegorako “hezkuntza lege propioa” beharrezkoa dela aipatu dute, besteak beste, langileria propioa izateko eta euskal curriculuma eraikitzeko eskumena izateko. Euskararen garrantzian sakonduz “euskara erdigunean jarriko duen hezkuntza legea” aldarrikatu dute; hizkuntzaren “mantentze eta murgiltze sisteman” oinarrituko dena. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe pribatu guztiek baldintza batzuk betetzea nahi duten sindikatuek: “Euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, inklusioa, pentsamendu kritikoa eta parte hartzea”.
Langileen lanpostuei dagokionez, guztiak mantentzea aldarrikatu dute. Baita “prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ere. Horren harira, langile publikoak dauden heinean “zerbitzuak ez azpikontratatzea” dute helburu. Hau guztia posible izateko, inbertsio handitzea legez jasotzea nahi dute “BPGaren %6ra heltzea helburu izanik datozen hiru urteetan”. Azkenik hezkuntza legetik eratortzen diren “dekretu eta erregelamendu guztiak alde sozialarekin mahai-negoziatzailean negoziatu” behar direla adierazi dute.
“Ulertzeko zaila”
Jokin Bildarratz, Hezkuntzako sailburuak greba hau egitea “erabaki oso gogorra” dela adierazi du. Entzuketa prozesua oraindik irekita dagoenean deialdia egitea “harritu” du sailburuak. “Sindikatuei galdetzen badiegu zeren inguruan egiten duten deialdia, arrazoiak ezezagunak lirateke momentu honetan ez dugulako testu behin betikorik”.
Greba “prebentziozkoa” dela adierazi du sailburuak eta sindikatuek “prebentziozkoa baino, eraginkorra” dela erantzun dute. “Orain arteko zirriborroa norabide bakarreko eta noranzko okerrekoa baloratzen dugu”, azpimarratu du Nagore Iturrioz Steilaseko kideak. Lege aurreproiektu zirriborro berrian 10 aldarrikapenak jasotzen diren aztertuko dute sindikatuek. “Sistema duala gainditzen ez badu, planteamendu berri bat egingo beharko dugu”, aipatu du Iturriozek.