Krisiaren aurrean, guztia aldatzeko borrokarako deia egin du Ernaik

uriola.eus 2022ko abe. 2a, 10:57

"Guk ez dugu ordainduko" leloari jarraikiz, gazteak esplotatzearen bidez aberasten diren enpresariak seinalatu dituzte, eta estatuari hori ahalbidetzearen erantzule izatea egotzi diote. Supermerkatu handi bati "desjabetutako" oinarrizko elikagaien bitartez irudikatu nahi izan dute sistema honen aurka herritarrak antolatzeko beharra.

"Gazteok hilabeteak daramatzagu larrialdi egoeran: lan prekarioak eta ikasketak tartekatzen, gutako asko langabezian...", horrela hasi du Ernairen bozeramale aritu den Oier Arostegik bere hitzartzea, gazte antolakundeak abian jarritako Orain dugu aukera dena aldatzeko egitasmoaren baitan egungo krisiak gazteei nola eragiten dien eta horren erantzuleak zeintzuk diren argitara ekartzeko helburua baitu. Bada, gazteriak bizi duen "ezegonkortasun eta etorkizun eza" areagotu egin dela azpimarratu dute Ernaiko kideek, eta horren ondorioz, haien bizi espektatibak "hutsaren hurrena" bilakatzen ari direla adierazi dute Solokoetxen egindako agerraldian. Besteak beste, gazteen artean askok eta askok gurasoengandik emantzipatzeko aukerarik ez dutela salatu dute.

Bada, egoeraren erantzuleak ere identifikatu dituzte: "Krisi garaian kapitalak bere irabazi tasa mantendu eta ekoizpen modua sostengatzeko gazteon lan indarra debaluatzen du. Horretarako, estatuak hedabideak erabiltzen ditu gazteria infantilizatu eta arduragabetzat jotzeko eta sektore esplotagarria bilakatzeko".

Herritarren kontura irabaziak areagotzen dituztenak erantzule

Joera horren erakusgarri, urtero 11 milioi euro irabazten dituen Joan Roigen jabetzako Mercadona supermerkatuak jarri dituzte adibide gisa, baita Eroski ere, 2007az geroztik izandako irabazirik altuenak lortu baititu aurten. Bada, Ernaik uste du langileak esplotatu eta prezioen igoeraren bitartez langile horiei lapurtzeari esker erdietsi dituztela emaitzok, eta gogorarazi du azken urtean %15,6 igo direla elikagaien salneurriak.

Horren guztiaren ondorioz, ekintza sinboliko bat eraman du aurrera gazte antolakundeak, eta Mercadonari oinarrizko elikagaiak "desjabetu" dizkiote, horiek elikagai eta zaintza sareen artean banatzeko asmoz. "Badakigu ekimen honek ez diola kontrolik gabeko inflazio zentzugabe honi mugarik jarriko, ezta gure klasearentzako bizitza duinak lortuko ere, baina arazoa mahaigaineratzeko eta gure egoera salatzeko balio du", argitu du Arostegik.

Enpresa pribatuez gain, baina, estatuari ere egozten dio Ernaik gazteen prekarizazioaren erantzukizuna, eta nabarmendu dute krisialdietan hartu ohi diren neurriak, laguntza sozialetako inbertsioak areagotzea, kasurako, "partxeak" baino ez direla.

Ondorioz, "kapitala bizitzari oldartzen ari zaion honetan", euskal gazteriari alternatibak sortzeko antolatu eta borrokatzeko deia luzatu diote.