Durangaldeak irabazi du Bertsolari gazteen XXX. BBK sariketa

uriola.eus 2022ko abe. 2a, 11:02

Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua, Ixone Asategi, Araitz Katarain, Ander Elorriaga eta Irune Basagoitik osatutako taldea garaitu da BBK salan. 493 punturekin irabazi dute Lea Artibairen 454.5 puntuen gainetik.

Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketa bere amaierara heldu zen atzo Bilboko BBK salan. Lea Artibai eta Durangaldea aurrez aurre aurkitu ziren final laurdenak eta final erdiak gainditu ostean. Fin aritu ziren bi taldeak saio osoan zehar eta azkenean Durangaldeak irabazi zuen 493 punturekin. Saio honi ezin izan zioten aurre egin Lea Artibaiko bertsolariak eta 454.5 puntutan geratu ziren. Kantaera onenaren saria Durangaldeko Ander Elorriagak lortu zuen. 

18 urte azpiko taldeetan, Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga aritu ziren Lea Artibairen partetik eta Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua eta Ixone Asategi Durangaldetik. Bittor Altube, Enare Muniategi, Garazi Navarro izan ziren 19-26 urte bitarteko lehengo taldeko bertsolariak eta Araitz Katarain, Ander Elorriaga eta Irune Basagoiti bigarrenekoak. Hala ere, txapelketa osoan zehar bertsolari batzuk aldatzen joan dira eta guztien artean lortu dute atzoko saiora heltzea. 

Lea Artibaik, Arratia gainditu zuen lehenengo saioan eta Uribe Kosta finalerdietan. Durangaldeak berriz, Busturialdea irabazi zuen lehenengoan eta Uribe Butroe bigarrenean. Azken saioa animatzeko eta 30. urteurrenaren harira Ibon Izak sariketaren errepasoa egin zuen bertso jarrietan. Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita balkoitik balkoira ibili diren bitartean argazki zaharren emanaldia eta brindisa egin ziren. Sariketaren urte guztien ibilbidea bertso bidez komentatu dute Nerea Ibarzabal, Igor Elortza, Oihana Bartra, Asier Alcedo eta Jone Uriak. 

Txapelketa Nagusiaren azken finalaurrekoa Bilbon

Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartzen ari da eta Iruñeako azken saioaren aurretiko finalaurreko Miribillako Bizkaia Frontoian izango da abenduaren 3an.  Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar arituko dira. Lehen itzuliko puntuazioarekin batuko da sailkapena osatzeko. Sarrerak bertsosarrerak.eus-en erosi daitezke edo bertan erosi ahalko dira 15:00etatik aurrera.