Etxebizitza sindikatua sortu du Bilboko Kontseilu Sozialistak

uriola.eus 2022ko abe. 2a, 12:00

Gizarte kapitalista gainditzera bidean indarrak batzeko eta Bilboko etxebizitzaren egoera “bereziki larriari” aurre egiteko sortu dute. Aurkezpen hitzaldia abenduaren 15ean egingo dute San Frantziskoko Udaltegian.

Bilboko Kontseilu Sozialistak azaroaren 27an aurkeztu zuen sare sozialen bidez Etxebizitza Sindikatua, hiriko etxebizitza egoerari “aurre egiteko”. Zenbaki ofizialen arabera, azken urtean 250 etxe-kaleratze inguru egon ziren, baita gizarte-babeseko neurriak indarrean egonda ere. Bilboko egoera bereziki larria dela aipatu dute, urtean etxegabetze gehien izan dituen EAEko hiriburua baita. Etxe-kaleratzeak azken boladan eten ez direla gaineratu dute.

“Etxebizitzarekin zerikusia duten arazoak etengabe hazten ari diren bitartean, politikari profesionalek eta erakunde karitatiboek proposatutako neurriek ez dute egoera hori errotik desagerrarazi nahi, eta pobreziaren kudeaketa soilera murrizten dira”, salatu du Kontseilu Sozialistak. Bilbon guztira etxerik ez duten 1.882 pertsona zenbatu dira eta kalean bizi diren 251 pertsona.

Honen kontrako konponbidea eta etxebizitza “kalitatezko, doako eta unibertsala ziurtatzeko berme bakarra”, borroka- eta antolakuntza- espazioak garatzea eta, borrokan metatuko indarrak Estatu sozialistaren eraikuntzara bideratzea da. Ekimenaren aurkezpen orokorra, abenduaren 15ean egingo dute. Jendaurreko hitzaldi bat egingo dute gaian sakontzeko. Corazón de María Plazan dagoen San Frantziskoko Udaltegian izango da 19:00etan.